Aparrain

Hernaniko baserririk urrunena, dio Joxe Migel Aizega nire solaskideak, lehen Lizarregi bazen ere”, inolako dudarik gabe.

Ugaldetxon gora abiatu, eskuinera jo Pikoaga Etxeberri etxearen gain aldetik eta kilometro pare batera beheko zokoan, leku goxoan, aurkitzen da Aparrain baserria, Urumea ibaia alboan eta ibaiaz bestaldetik Benta Berri (Arano) eta “Eruzeampo” garagardo fabrika dituelarik.

Bertan burdinola izan zela aitortzen duen dokumentu bat bada Udal Artxiboan (1536) eta etxetik asko aldendu gabe karobi handi bat ere bai. Karobi hau legarrak harturik dago hein handi batean, handia da harkaitz mokor baten kontra eraikia. Itxura batean iduri du karobia ez baina burdinolaren labe izana dela.

Isuri biko etxe luzea benetan, Hernaniko herrian Alkatxurain izan ezik besterik ez bezalakoa. Hiru bizitza eta hiru familia bizi ziren garai batean. Baserritik bizi ere. Izagirre familia eskuinekoan. Duela 25 bat urte joan zen hemendik hau. Orain, valentziar batzuek daukate asteburuetarako harturik.

Aizega familia bizi zen erdikoan eta oraino ere Patxi bertako semeak jarraitzen du hor.

Balerdi familia, berriz, ezkerrekoan. Hauetarik bi anaiak ziren azkenean, hauek gastatu ziren, baserria bertan behera gelditu zelarik. Joxe Migel Aizega, erdiko etxeko seme batek erosi zuen hau eta obraturik poliki antolatua dauka orain.

Aizegatarrek aita Joan Aizega Otxandorena eta ama Sebastiana Ezkurra Biurrarena zituzten, Saldias (Nafarroa) ezkonberritan etorriak. Aita, nonbait, mendiotan basomutil ari, aurrez begiz joa zuen etxea, Joxe Migelek dioenez. Hauen seme-alabak: Maria, Joxe Migel, Patxi eta Benedita. Gaur egun, Patxi bizi da jaiotetxean eta Joxe Migel, kalean bizi, egunero etortzen da ezkerreko berera, zenbait ordu gustuko lanetan (baratze, erleak, mendia…) bertan emanez.

Aita izatez basogizona zen eta hona bizitzera etorri zirenean nahikoa txukun aurkitu zituztela esaten omen zuen bai baserria bai lursailak. Hiru bat behi, zekor bat edo beste eta aberea ezagutu zituen Joxe Migelek txikitan etxean. Baserri koxkorra zela dio, hobe mendi-etxea erabat. Ardi mordoska bat ere izaten zuten.

Aitari entzunda, ohitura hala zen agidanez, auzoko baserri bakoitzak (Askatxu, Argorri…) nola ardi bana oparitzat eman zioten etorri zirenean. Halaber, auzolanaz oroitzen da (aldiya) auzoek elkarrekin urtero bideak errepasatu eta konpontzeko lanaz. Honek zer nolako garrantzia zuen haientzat, Ugaldetxotik ia kilometro pare bateko bidea baitzuten Aparrain etxera.

Pagoagako eskolan ibiliak dira. Ibaiak ur gutxi bazeraman Benta Berrin barna joaten ziren, baina bestela Ugaldetxotik. “Tokitan geratzen huan”!

Gero, gazteak zirela zurezko zubi bat egin omen zuten, dio Joxe Migelek, gimnasia eginez pasa behar izaten zen horietarikoa, eskolara, elizara eta jai arratsaldetan Benta Berrira (bilera garai hartan Benta Berrin).

Eta pixka bat edanez gero? esan diot.

—“Ez zakela uste, ez ginuan ondo ibiltzen. Oraingo gazteengatik esaten diagu, baina guk ere gure parteak sartzen genizkian”.

Ereñotzu Iruditan

Gehiago ikusi