Ereñotzu, burniola

Inguruak ahalbidetutako garapen industrialaren ondorioa da Ereñotzu. Hernaniko auzoa bada berezko nortasun eta historia izan du beti. Urumea ibaiaren sorbururaino daraman bailararen ate sinbolikoa dela esan dezakegu.

1461ekoa da Ereñotzuri erreferentzia egiten dion lehen dokumentua, Ereñotzu burniola bat dela eta Sebastian Araetaren esku dagoela dio dokumentu horrek: “Señor dela ferrería de Ereñoçu”. Hurrengo urteetan, Araeta abizena galdu eta Ereñotzu izenez ezagutuko dituzte familia horretako kideak, izan ere, garai haietan ohikoa zen pertsonek bizi ziren etxearen izena hartzea. Beraz, auzoak eman zion abizena familiari, eta ez alderantziz, uste zen bezala.

Ereñotzu familian izandako ezkontzak eramango ditu XVI. mendea urrezko mende izatera eta zehazki Juan Martinez semeak eramango ditu gailurrera. 1529an, aita hil zitzaionean, Juan Martinezek familiako negozioen gidaritza hartu eta Ereñotzuko burniolaren inguruan punta-puntako gune-ekonomiko bat jarri zuen martxan. Egindako inbertsioaren ondorioz, burni produkzioa bikoiztea lortu zuen ereñotzuarrak, eta burnia pertsonalki komertzializatzen zuen. Garai haietan burniolak ziren Euskal Herriko ekonomiaren abangoardia eta hiru burniola edukitzea sekulako pagotxa zen: boterea eta aberastasuna eskura zituzten ereñotzuarrek. Zorrez lepo eta ihesean hila, baina dirudienez, momentu batetik aurrera Ereñotzuko jaunak ez zuen suerte haundirik izan, lan-kontratuak itxi eta gero, burniaren prezioa asko jaitsi baitzen. Horrela, Juan Martinez Ereñotzu zorretan sartu zen leporaino. 1554an hil zen, ustekabean, Senperen (Lapurdi) erbesteraturik zegoela.

Hurrengo urteetan Ereñotzuarrak saiatuko dira bere arbasoek utzitako zorrak kitatu eta etxea aurrera eramaten. Baina senideen arteko liskarren ondorioz ondasunak zatitu eta sakabanatu egin ziren pixkanaka. Azken bi mendeetan Ereñotzuko burniolak eskuz aldatuz eta hondatuz joan ziren, baina hazia ereinda zegoen iada, eta Ereñotzu edo Txilibita etxe zaharren inguruan (bertako aitonak txilibitua jotzen zuelako deitzen omen zaio orain horrela) auzoa sortuko da.

2005ean hasitako prozesu baten ondoren, 2010eko urriaren 7an Gipuzkoako Foru Aldundiak Ereñotzuko Toki entitate Txikia sortu zuen. Hasiera batean, Batzorde Kudeatzaile baten bidez eta,  gerora, Hauteskundetan aukeratutako auzo-alkateak (Imanol Lizeaga Urdanpilletak) izendatutako batzordeak kudeatzen du auzo udala. Ereñotzuko “Auzo Udalaren” helburu nagusia, Ereñotzu auzoaren biziberritzea eta bertako bizilagunentzako zerbitzu publikoen kalitatearen hobekuntza dira.

Ereñotzu Iruditan

Gehiago ikusi