Ereñotzuko Auzo Udalaren sorrera
Nondik abiatu ginen
2005 urte hasieran Hernaniko Udaletik bilerarako deia jaso zuten Olak Auzo Elkarteak, Ur Mia Elkarteak, Epeleko bizilagunek eta Txirrita eskolako guraso elkarteak. Bertan Ereñotzu osatzen duten auzuneentzako “Auzo Udal” bat sortzeko proposamena egin zitzaigun.
Oinarrizko baldintzak ziren 500 biztanle baino gehiago izatea, geografikoki udal nagusitik berezita egotea eta behar eta interes desberdinak izatea. Horretaz gain, ziurtatu behar ziren bideragarritasun ekonomikoa, auzoaren zerbitzu maila eta kalitate galerarik ez zela izango eta Udal nagusiari ez ziola kalterik erakarriko.
Gaiari buruzko adituengandik informazioa eta aholkuak jaso ondoren, 2005eko martxoaren 12an Auzo Batzarra egin zen, proposamena auzoari zabaldu eta bere egokitasuna eztabaidatu asmoz. Bertan 60 lagun inguru bildu ginen eta aukera interesgarria iruditu zitzaigunez, aurrerako urratsekin jarraitzea erabaki zen.
Urrats eta mugarri nagusiak
Batzarra eta gero, lan talde bat sortu zen eta txosten bat atera zen, ESKUMENAK ETA BALIABIDEAK izenekoa. Bertan, Auzo Udalak bere gain hartu zitzakeen eta hartu ezingo zituzkeen konpetentziak bereizten ziren eta eskumen horietatik auzoarentzat zein izango ziratekeen interesgarriak eta zein ez ere aipatzen zen. Txostena, Hernaniko Udalari aurkeztu zitzaion 2005eko ekainean.
Hernaniko Udalak, txostenaren azterketa zuzenean beraiek egin beharrean, azterketa Soziologikoak egiten dituen Siadeko enpresari enkargatu zion. Siadecok egin zuena izan zen Hernaniko Udaleko teknikarien eta politikarien artean iritzi bilketa bat. 2006ko martxoan aurkeztu zuen Siadecok eta oso adierazgarria izan zen bertan ondorioztatzen zena: Ereñotzu auzoko bizi kalitate maila eskasa zela. Oro har, bailara honetan Auzo Udal bat sortzearen aldeko iritzia nabarmendu zen.
2005/12/05ean Gipuzkoako Gotzaitegiari txosten bat aurkeztu zitzaion Auzo Udalari buruzko azalpenak emanez eta Ereñotzuko apaizetxea Auzo Udalaren erabilerarako eskaera eginez. San Antonio elizbarrutiko kideek ere aukera hau egokia ikusi zuten eta beraien oniritzia eman zuten.
2006ko apirilean Gotzaitegiak 30 urterako lagapena sinatu zuen Hernaniko Udalarekin eta 2007aren bukaeran Auzo Udala izango zenaren egoitzaren egokitze lanak amaitu ziren Hernaniko Udalak finantzatuta eta Behemendiren diru laguntzarekin.
Eraikuntza berrituan finkatu ziren Auzo Udaleko harrera eta administraritza, bilera gelak eta alkatetza bulegoa. Hauez gain, bertan egokitu ziren besteak beste, batzarretarako eta kultur ekintzetarako aretoa, KZgunea eta aerobik saioetarako gela.
Bitartean, 2006/09/15ean Hernaniko Udalak osoko bilkuran Ereñotzuko Auzo Udalaren sorrera prozesua martxan jartzea onartu zuen aho batez.
Ondoren, 2005ean auzoko lan taldeak landu zituen ESKUMENAK ETA BALIABIDEAK txostenean eta Gotzaitegirako txostenean oinarrituta, Ereñotzun Auzo Udala eratzea justifikatzen zuen memoria gauzatu zuen Siadecok eta 2007ko uztailean aurkeztu zuen. Bertan aztertzen ziren sakonki, auzoaren ezaugarriak, gabeziak eta beharrak, komenigarriak ziratekeen eskumenak eta berauek kudeatzeko beharko zen aurrekontua. Memoria hau izan zen Hernaniko Udalarekin baldintzak eztabaidatzeko erabili zen dokumentua.
Denbora tarte luze samar baten ondoren, auzoko lan taldea Hernaniko Udalarekin adostasunera iritsi eta 2009ko maiatzean, adosturiko baldintzak bilduz, Siadecok behinbetiko txosten laburtua aurkeztu zuen.
Hernaniko Udalak jendaurrean hilabetez jarri zuen. Auzoan ere batzar bat egin zen adostasunaren nondik norakoak azaltzeko eta behar izanez gero, helegiteren bat aurkezteko horretarako zabaldu zen epean.
Ez zen inongo aldetik helegiterik aurkeztu eta 2010/01/28an Hernaniko Udalak osoko bilkuran behin betiko onarpena eman zion Ereñotzuko Auzo Udalaren sorrerari, aho batez oraingoan ere.
Auzo Udalaren sorrera prozesurako Foru Arauak aurreikusita zeukan auzotarren artean galdeketa egiteko aukera, nahiz eta loteslea ez izan. Galdeketa egitea ezinbestekoa zela erabaki zen eta horrelaxe egin zen 2010eko martxoaren 28an. Emaitza, honako hau:
- 490 hautesle auzoan
- 290 bildutako botoak (partehartzea %59): 277 BAI (%96) eta 13 EZ (%4)
2010/05/04ean aurreko urrats guztien bilduma Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu zen.
2010/10/7an Foru Dekretu bidez, Gipuzkoako foru Aldundiak Ereñotzuko Auzo Udalaren sorrera ebatzi zuen. 2010/10/18an Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen dekretua. Bertan zehazten ziren, lurralde mugaketa, gobernu organoak, eskumen propioak, ondarea eta aurrekontu esleipenak.
Lehenengo gobernu taldearen hautaketa udal hauteskundeetan egin behar zenez, bitartean, Batzorde kudeatzaile bat antolatu zen.
2011/04/8an Batzorde Kudeatzailearen eraketa akta sinatu zuten Ereñotzuko Auzo Udalaren egoitzan Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek eta batzorde berriko ordezkariek.
2011-05-23an egin ziren lehenengo aldiz udal hauteskundeak Ereñotzuko Auzo Udalean. Ondorioz, aginte organoko alkatea eta 4 juntakide izendatuta geratu ziren.
Lehen Udal hauteskunde hauek direla ta, aipagarria Olak Auzo Elkarteak bultzatutako ekimena. Auzotarrei eskatu zitzaien egokienak iruditzen zitzaizkien hautagaiak izenda zitzatela. Auzotarrek proposatutako izenetatik atera zen Ereñotzu Ekinez hauteskunde plataformako zerrenda. Aurrez eratu zen Batzorde Kudeatzaileko ordezkariak izendatzeko ere baliatu zen prozesu hau. Bide bera errepikatu da ondorengo hauteskundeetan ere. Oraingoz ez da beste hautagaitzarik aurkeztu.
Hastapen neketsua, etorkizun itxaropentsua
Luzea eta neketsua, baina aldi berean oparoa izan zen Auzo Udalaren sorrera ahalbidetu zuen Ibilbidea. Kezka eta zalantza ugari izan baziren ere bide horretan, gaur egun uka ezinak dira Auzo Udalak bertako biztanleei ekarri dizkien onurak. Auzo honek betidanik erakutsi duen antolatze kapazitatea eta engaiamendua ikusita, aurrerantzean ere erakunde honek etorkizun bikaina izango du eta rol garrantzitsua jokatuko du auzoaren ongizatean eta bizikidetzan.