Aski ezaguna egin zaigu Akola aspaldiko urteotan, honako puntu hauek direla medio. Sagastietako lepoa (Brontze aroko aztarnak) eta Akolako Udal Parkea. Izenak iduri du ola atzizkia daraman izen konposatua dela, baina ez da batere erraza gertatzen beraren sustraia argi eta garbi zein den jakitea. Banago Agorrola ez ote den ere. Alegia, ibai edo erreka bazterreko ez den (lehorrekoa) burdinola. Ez dut, ordea, inguruan zepa aztarnak badiren berririk. Bego bere horretan.
Akola
Epela aldetik Larregainen barna edota Ereñotzutik gora malkar gaizto (patar) bat gaindituz, Alkatxuraindik gora igo daiteke Akolara. Paraje polita benetan Akola, aurrez aurre Urdaburu eta Aginaga mendiak dituela eta eguzkiak irten orduko, egutera, bete-betean jotzen duelarik.
Etxeak, antzina bezalaxe, ez du inolako aldaketarik izan, bigarren karlistadakoan sukaldea lekualdatu zenetik. Karlistada hartako ziri batzuk bai omen ziren sukalde ondoko horman esekita soldaduen arropak zintzilikatzeko ipiniak. Gero, haietaz baliatzen ziren berebat basomutilak (apopilo bertan) eta Ubarretxenatarren zentraleko guardak teiefono tramankulua esekitzeko. Eskuz eman ohi zioten indarra hauek telefonoari, handik deiak egiten eta han makinetxe ezberdinetako paper-agiriak guarda ezberdinen artean eskualdatzen zituzten.
Aitona Joxe Santa Kruz Karrera, Adunatik etorria eta Dolores Ugalde Setien, Urmendi baserriko alaba zen amona. Seme-alaba hauek izan zituzten: Iñaxi, Martina, Pedro eta Joan (eluzera joan eta zakurra ondoan zuela hilik aurkitua).
Iñaxi gelditu zen gurasoekin etxean Gregorio Santa Kruz, aitonaren anaiarekin ezkonduta. Jakingarria, ama-alabak bi anaiekin ezkonduak zirela. Nola daitekeen hori pentsatzeak erc lanik asko badu! Hona hauen seme-alabak Maria, Joxe, Antonio, Pedro eta Nikolas. Zaharrenak 6 urte eta txikienak bederatzi egun ama hil zitzaienean. Amonak arduratu behar izan zuen familiaz, baina hau ere hil, Mariak 12 urte, eta honek bete zuen gero amaren zeregina.
Maria hau (81 urte) dut solaskide. Etxera ezkondu eta Nikolas Susperregi, Errenteriako Susperregi baserriko semea hartu zuen senartzat. Badu honek ezkontza egunetako historiarik.
“Ezkontzerako besteak hiru pregoi eta guk (lehengusu txikiak) lau, hiru pregoi eta publiketa. Pobreak al ginen apaizak galdera. Aberatsak izan baginen aixoo, noski”.
Bost lagun izan omen ziren ezkontza ospakizunean, eta ondoko bazkarian (Amasako Arantzabi). Ezkongaiak, aitajauna eta amandrea eta Leandro Irazusta txoferra, zeren eta aitak Latxeko fabrikan lan, bertako nagusiaren oparia izan zen egun horretarako autoa eta txoferraren eskaintza.
Bidaiarik ez. “Nola edo nora, etxean bost gizon (aita eta lau anaia utzita)? Gainera hau (senarra) asko biajatua zan Burgostik Somosierrara bitarte horretan gerra guztia hasi eta buka, eta aurretik Nafarroa eta Zaragozan soldadutzakoan urte bete”. Seme-alaba hauek izan dituzte: Kandida, Iñaxi, Mari Karmen eta Joxe.
Gaur egun, aiton-amonak, Joxe semea eta Tsabel senar-emazteak eta Jon hauen semea Ereñotzun bizi dira. Hala ere, Mariak dio, “txoria kaiolan ez da ondo egoten eta libre behar du biziko bada”. Hala, semeak egunero, negu eta uda, goizean eraman eta arratsean ekarri, eguna Akolan pasatzen dute.
Bizimodua aipatzearekin bakarrik, gose urteetako gorabeherak kontatu dizkit.
“Ogirik ez baina artoa eta babarruna izaten genun. Baino Ayuntamentura eraman behar. Etortzen zian, tasatzen zuten eta 150 kilo babarrun eta 350 kilo arto eta… arrautzak. Gaña, okerrena, Orayen itxita Epele edo Pagoaga prezintaturik, Aranotik iriña (Nafarroa, ez nonbait Euskal Herria Frankorentzat) eta mendiz eta gauez, harrapatu ezkeo kendu egiten zuten eta”.
“Txerri hiltzea ere debekatua baño guk hiltzen genuen. Berak hiltzen zituen” senarra behatzez seinalatuz”.
Aita zena Latxeko fabrikara joan omen zen (40 urtean) lanera. Nikolas eta Maria senar-emazteok baserriari atxikirik atera zuten bizimodua. Neguan, bai, neguan lanez arinago, baso lanean (pinua aldatzen, bazterrak garbitzen, entresakak egiten…) ari izaten zen Nikolas.
Sei behi, astoa eta behorra. Esne boladan biak behar. Aldapa gogorra, goizean seietarako Ereñotzura esnea. Behiak jezterakoan, arrosarioa errezatu eta afal ondoan, goiz oheratzen ziren.
Orain baratze puska bat, lorezaletasun nabaria ikusten da hemen, eta artalde koxkor bat daukate Akolan, bazterrak garbi edukitzeko batik bat.