Añoa hitzak zer esan nahi duen galdeginik, landare izena ote den entzuna dutela esan didate. Han-hemenka begiratu, aztarnarik ez, eta Lakoizketak azkenean Añoa “Tucinia graminum” (Nublo, cast. Nieble, fran.). Ik. Diccionario de los Nombres Euskaros de las Plantas. Jose Maria de Lacoizqueta, 183 or, Iruñea, 1888.
Añoa Berri
Oraingoen aitona eta aita Añoatik etorriak, horregatik Añoa Berri. Epela auzoan, Errota eta beronen ondoko buiurgunea pasatu, bidez eskuinetik lautadatxo batean kokaturik daukagu baserria, eta aurreraxeago bidegurutzean ezkerretik Añoara eta Martindegira doana bata, eta Epele Errekan gorantz bestea.
Lursail handiak garai batean Añoak. Haren lurretan aitonak eta aitak eraiki zuten lehenengo etxea, bi zatitan egina, nahiz geroago erabat berritua izan den, aire modernoa eta begirada batean baserri itxurarik ez duena orain. Albo banatan, estalpeak lehen, orain terrazak eta atzean beste eranskin bat, ardi borda dena.
Joxe Antonio Larrarte eta Maria Etxenike izan ziren aiton-amonak. Añoako alaba hau. Hona haien seme-alabak: Eujeni, Anjel, Agustin, Joxepa eta Joxe.
Anjel aita, Anttoni Leonet, Epele Bordako alabarekin etxera ezkondu eta seme-alaba hauek izan zituzten: Patxi, Maria eta Maria Pilar.
Gurasoekin Patxi gelditu, eta emaztea Balddo Telletxea Albiztur, Beintza-Labaiengoa jaiotzaz, eta Joan Mari, Anttoni eta Jaione seme-alabak. Orain, Patxi eta Balddo senar-emazteak, joan Mari semea eta amona Anttoni bizi dira etxean.
Añoa baserriaren hastapenetako gertaera triste bat badute gogoan, aitona eta aitaren artekoa. Behia eta idia uztarrian goldaketan ari omen ziren, eta aitonak aitari: “Harria zetorrek, goazemak etxera”. Aitak, lana luzarorako ez nonbait, bukatu egin nahi eta jarraitu egin zuen. Aitona etxera sartzearekin ekin zion erauntsiak goien-behean. Idia eta behia ziztu batean etxera. Behia hurrengo egunean hiltegira. Aita, harriak jota lurretik jaso behar izan zuten. Ondorioz, urtebete gaixorik ohean, hiletsita egon ondoan atera ezinik.
Zortzi behi eta idi parea. Donostiara egunero esnearekin. Baratze handia ez baina fruta asko izaten zuten (sagarra eta melokotoia). Patxi 9 urte zituenerako hasi omen zen amari lagunduz esku batean marmita esnea eta txerri janaren kaldera bestean. Gero, arreba Mariak bete zuen eginkizun hau, zeren Patxik gazterik hasi behar izan baitzuen auzoko zenbait baserritan goldean eta lurgorritze lanetan idi parea harturik.
Ezkondu eta gero hasi zen kanpora lanera, baserri lanarekin konbinatuz, Zubillaga enpresaren dinamita harrobietara banatzen. Gainera, Añarbeko presa egiteko behar izan zen dinamita guztia, berak garraiatu omen zuen, orduz kanpo garraiatu ere. Goizeko lauretan jaiki, etxera itzuli, eta behiak jetzi andrearen laguntza zuela eta eguna sartzera joaten omen zen.
Behin, goiz batean, aski larri ibiliak izan ziren, agidanez, bera eta gaueko bi guardak polborinean. Dinamita kargatzen ari zirela kaputxadun batzuk aurkeztu zaizkie, gela batean bi eskuak lotuz, lurrean ahozpez etzanarazi eta bertan eduki zituzten, harik eta handik aldi batera ahal zen moduan libratzeko modua egin zuten arte.
Gaur egun, aita jubilaturik, artaldea daukate amaren ardurapean eta familiakoen laguntzaz, baldin eta bazterrak txukun edukiko badituzte.