Deskribapena
Bezkitako burdinola izen bera zeraman baserriaren inguruan kokatzen zen, terraza txiki batean, Bezkiteko erreka eta Urumea batzen diren tokitik gertu, Urumearen ezkerraldean.
Baserriaren Hegoaldean eraikuntza txiki bat dago, lehen biltegia eta orain bizilekua dena, eta orain dela gutxi egin duten berrikuntzaren ondorioz, burdinola zaharrarekin lotutako aztarna batzuk aurkitu dira. Hala nola antepara, eraikuntza hori eta mendi-mazelaren artean dagoen tartean kokatuta; mendi-mazela puntu horretan moztuta izan dela hautematen da bertikaltasun hori emateko. Tartea harri-hormaz forratuta dago, 10 m-ko luzera, 6 zabalera eta 3ko garaierarekin. Horma horietan eta maila desberdinetan horizontalki jarritako eta pixka bat aterata dauden lauza batzuk ikusi daitezke, antepara edo ur-depositoko egurrezko egituraren euskarria izango zirenak segur aski. Halaber, eraikuntza horren Iparraldeko horma antzeko itxura du, gutxienez metro beteko zabalerarekin eta jatorriz burdinolaren instalazioen parte izango zena, ondoren eraikuntza honen horma nagusi bihurtu baino lehen. Inguruan burdin mea eta zepa ugari ikusten da.
Eraikin horren inguruan konkrezionatutako burdinezko pieza handi bat dokumentatu da, zirkulu-formakoa eta godaleta handi baten modukoa. Pieza hau eraikin horren lur azpian aurkitu zen eta orain bere inguruan mantentzen da. Burdinolaren galdaketa-labearen oinarriarekin lotu daitekeela dirudi.
Errekatik ur gora mantentzen diren bi presa dokumentatu dira. Biak elkarrengandik oso gertu daude, 80 cm-ko tartearekin soilik, eta nahiko egoera txarrean bi kasutan, berezko ur-jauzi bat aprobetxatu dutelarik egiteko. Ekialderago dagoena eta baxuenak ia 4 m-ko garaiera du eta 1,50ko zabalera. Jatorrian ibilgu osoa hartzen zuen baina egun bere iparraldeko erdia galdu da guztiz ur-kolpeengatik segur aski. Errekarriz eta galdaketa zepaz eginiko harri-hormazko hormaz osatuta dago. Bere ondoan, ur gora, bigarren presa bat dokumentatzen da, eraikuntza eta tipologia aldetik oso antzekoa baina apur bat zabalagoa, 1,60-1,70 m, eta lurretik metro bete besterik ateratzen ez dena. Aurrekoan bezala, iparraldeko erdia galduta dago arazo berdinagatik. Horrelako toki mugatu batean bi presa egoteak berreraikuntza batean pentsa arazten digu, gertaera suntsitzaile batengatik agian (uholdea edo antzekoa); ur gora kokatzen dena zaharrena izanik. Presa honetatik uraren desbideratze ubidea ateratzen zen errekaren eskuineko bazterra jarraituz. Gaur egun ezin da garbi dokumentatu gertatutako irristatze ugariengatik, baina lantegitik gertuago dagoen azkeneko tartean bai aurkitu daiteke.
Presa hauetatik ur gora berriagoa den beste presa bat kokatzen da (XX. mende hasiera), Pikoaga-Mandarrietako Zentral Hidroelektrikoaren emaria handitzeko egina.
Datu historikoak
Bezkiteko burdinola honi buruz dauden datu historikoak nahiko urriak dira. Burdinola 1539an aipatuta azaltzen da, burdinolarengatik ordaindu beharreko eskubideak onartzen direnean “que se nombre Mesquite, que edifico Joanes de Aguirre” (Diez de Salazar 1977:105-106). Beraz, urte batzuk lehenago eraikia izan zen, XVI. mendeko lehenengo hamarkadetan.
Martxan iraun zuen gutxienez XVII. mende hasierara arte. Hortik aurrera burdinolari buruzko idatzizko lekukotasun guztiak desagertzen dira.
1662an jada auzi judizial bat aipatzen da “la cassa y pertenesçido llamado de Mezquite, en que alguna vez o tiempo huvo herreria”, eta baieztatzen da ordurako urte batzuk zeramatzala utzita