Pagoaga deitu etxe nagusiaren aurre-aurrean, errepidez bestaldetik, daukagu, izen bereko Errota. Txoko goxo batean babesturiko etxe bildu polita berau. Harriz egina, orain berritua, harria agerian utzi zaiolarik.
Errota
Garai batean errota izana, eta ia oraintsu arte dinamo koxkor bat zeukan inguruko baserrietara, Abillatsetik hasi eta auzoko baserrietara, argindarra banatuz. Ia oraintsu arte, eta halaxe da, baja eman zeneko agirien datak, biak aldi berekoak, ikusi baititut (1965-03-29). Bata “Molino de 102 m2 eta “Producción de electricidad” bestea.
“Argia etzan oso argia izaten, hobe ipurtargia, baina garai hartan estimu handikoa gertatzen zan baserriotan”.
Joxe (67 urte) etxeko semea izan dut berriemaile. Gogoan du amona zena, Kontxesi Rekalde Balerdi, Errotako alaba. Aitonaz ez da oroitzen. Entzunda bai nola Ubarretxenatarrek Urumea errekako argiaren zentral horiek martxan jartzerakoan Ameriketatik espresuki ekarrarazia zela, teknikari on bezala, eta halako zorigaitza izan zuela non 1937an elektrokutaturik hil zen Biuretako zentralean (Ezkurra). Hiru seme-alaba zituzten: Ixabel, Kandido eta Luisa.
Ixabel alaba zaharrenak, eman zion etxeari jarraipena, Patxi Lizeaga Agirre, Pagoagako semearekin ezkonduta. Hona hauen hiru semeak: Joxe, Emilio eta Kandido.
Orain, Emilio eta Joana Joantorena Joanena, sortzez Ezkurrakoa, senar-emazteak eta Joxe bizi dira etxean.
Patxi aitak kamioiarekin txofertzan atera zuen bizimodua, Pagoagako egur eta ikatzaren garraioan bereziki. Soldadutzatik libre gerra aurrean, baina kamioia errekisatu eta beronekin batera joan behar izan zuen (Gernika aldera) gerrakoan.
Errota itxi eta lanik asko izan omen zuten hor ere. Agidanez, prezintua paperezkoa, arratoiek jan hau, artoa ehotzen ote zen susmoak, guardiak maiz etxe inguruan.
Beronen bi semeek ere, Joxe eta Emilio, ofizio bera izan dute, txofertza. Joxek “Pasaiako portutik, dio, Espainia guztira eta Frantziara ere bai”. Gaur, Joxe jubilaturik, Emiliok jarraitzen dio lanbideari.