Deskribapena
Pikoagako burdinola eta errota izen bera daraman baserriaren inguruan kokatzen ziren, Urumearen ezkerraldean. Kokapena, gaur egun inguruan lanean diharduten zur-kamioiek zamalana egiteko erabiltzen duten zelaigunea da, Ugaldetxoko zubia Goizuetarantz pasa bezain laster dagoen mendi-mazelaren artean kokatuta. Kokapen hori XIX. mende bukaerako dagoen kartografia historikoarekin bat dator “ruinas de la Ferreria”.
Zelaitxo horretan, gaur egun, ez da burdinola eta errotarekin lotutako inongo eraikuntza aztarnarik ikusten, baina 1990 eta 1995eko bisitaldietan puntu horretan horma pusketa bat ikusten zela azaltzen da, ahozko informazioak burdinola zaharrarekin lotzen zuena.
Tradizioak dio errota zaharraren aztarnak egungo frontoiaren azpian kokatuko zirela gutxi gorabehera; hori ere aipatutako kartografiarekin bat dator, puntu horretan hondakin batzuk kokatzen baititu nahiz eta eraikin zehatz batekin lotzen ez dituen.
Ur-azpiegitura guztiz desagertu da. Dirudienez presa zaharra egungo Pikoaga-Mandarrietako Zentralaren presatik ur gora kokatzen zen, 550 m-tara zehazki, eta azken hau XX. mende hasieran eraiki zenean (1904), zaharra ur azpian gelditu zen. Ubidea ere desagertu da presa ur azpiratzearekin batera, bere trazadura ezabatu da eta nekazaritza eta abeltzaintzarentzat tokia egokitzerakoan eremu guztia bete egin da.
Datu historikoak
Pikoagako burdinola eta errota XVI. mendeko lehenengo herenean eraikiak izan ziren, zehazki 1528 inguruan, Erbeta batxillerrak eta Juan Martínez de Aierdik, Hernani eta Donostiako agintariei eskatzen dietenean Urumearen ondoan Fagoaga Picoaga deituriko inguruan lursail baten jabetza burdinola bat eraikitzearren. Baimena ezeztatu ondoren, azkenik, Valladolideko Erret Txanzilleria-ren aldeko epaia lortu zuten, aipatutako inguruan ekoizpen multzoa eraikiz “herreria, su molino, presas, anteparas, uso, maso de la herrería, gozo de montes francos” (Diez de Salazar 1997:109-111).
XVII. mende bukaeran multzoan obra garrantzitsuak egingo dira, eta 1696an bigarren burdinola bat eraikiko da aurrekoaren ondoan, gabia eta guzti (“ha determinado acer otra erreria maior devaxo de la mesma cuvierta …sino tambien de las mesmas anteparas y presa y agua”)[130]. Obra berri hau ziur asko ekoizpen-instalazioen berrikuntza garrantzitsu batekin bat etorriko da, burdinola handiago batek (totxoan egiten zuen), burdinola txiki batek (pieza txikiagoetan manipulatzen zituen totxo horiek) eta irin-errota batek osatua, guztiak azpiegitura hidrauliko bera aprobetxatuz, zenbait urte lehenago dokumentatuta agertzen den bezala (1639).
Instalazio hauek, XVIII. mende erdialdean (1750), Bailarako beste bi burdinolen artean (Fagollaga eta Ereñotzukoa) sortutako kontratuaren parte izatera pasako dira. Kontratua “Real Fábrica de Anclas” (Aingura Errege-Lantegia) osatzeko zen, eta, Koroari ez beste inori aingura sorta garrantzitsu batez hornitzeko: 20.000 aingura kintal ekoizteko lau urtetan. Handik urte gutxira, burdinolaren jabeak Hitzarmenetik aterako dira, aingurak ekoizteari utziz.
Burdinola, gutxienez XIX. mende erdialderarte egongo da martxan, bere azken alokairua 1860koa delarik[131]. Une horretatik aurrera izen bera duen errota soilik jarraituko du lanean. 1875ean aipatzen da errota honek urtean 800 bat anega ehotzeko gai zela, nahiz eta 1.100 anegetara hel zitekeen “está en el mismo cauce de la Ferreria del mismo nombre, y trabajaria mas si no hubiese ferreria”[132]. Errotak nagusiki artoa ehotzeko, harri bakar batekin egiten zuen lan.
Errotak, XX. mende hasieran (1904. urtean inguruan) utziko du lana egiteaz, Pikoaga-Mandarrietako Zentral hidroelektrikoaren presaren obrekin batera.