Deskribapena
Multzoa bi burdinolek eta errota batek osatzen dute, denak elkarren ondoan (bestea, Bazterrolarena, beste aldean kokatzen zen). Denek erabiltzen dute elikatze sistema berdina, ondoren Zentral Hidroelektrikoak birraprobetxatuko duena.
Aztarnak eremu oinplano ia karratua du (18×20 m), eta lehen barrualdetik gutxienez 4 gelatan banatuta zegoen, denak neurri desberdinetakoak. Horietatik hiru errepidera begiratzen duen hormarekiko zut kokatzen dira, eta laugarrena, atzealdean, paralelo horma horrekiko. 70-80 cm-ko zabalera duten harri-hormaz eginak daude eta garaiera desberdinak, handiena 6 m-takoa izanik. Egun, ia ezkutuan gelditzen dira landarediagatik, ezin direlarik baoak edo eraikuntza fase desberdinak bereizi. Jatorriz bi isuriko teilatua zuen, gaur egun galduta dagoena.
Iparraldeko horman sarrerako ateburudun bao bat antzeman daiteke, Lonjara begira dagoena, ateburu monolitikoa eta harlanduzko atezangoekin. Barrualdean beste bao batzuk ikus daitezke, batzuk hormatuta eta beste batzuk ondoren egindako obrengatik oso aldatuak. Barrualdea zeharo utzita dago, txabola modukoak eraikiz, nahiz eta orain dela 30 urte arte korta bezala erabili izan den.
1994an egindako bisitaldian, eremua aspaldi eraldatua izan zela aipatzen da, ubidea estaliz eta hareharriz eginiko arku batzuk eta tximini bat eraitsiz. Datu hori baieztatu beharko litzateke multzoaren garbiketa eta arkeologiaren bitartez.
Hego-mendebaldeko muturrean beste eraikin bat ikus daiteke aurrekoari itsatsita eta egikera berdinarekin. Honek laukizuzen-formako oinplanoa du (6×21 m) eta bere barrualdean Zentral Hidroelektrikoaren makina etxea jarri da. Litekeena da gela hau Errota zaharrenarekin bat etortzea.
Hornidura-sistema erabat berrituta dago, Zentral Hidroelektrikoa prestatzeko agindako obrak direla medio. Gaur egun ez dago antzinako presaren inolako ebidentziarik, ziur asko egungo presaren urmaelaren azpian urperatuta. Presa zaharra ibaiarekiko luzetara zegoen (oraingoa zeharka jarrita dago), bi irlatxo txikietan oinarrituta eta bere trazadura, ia Latsako fabrikaren parean dagoen bihurgunera iristen zen. Harri-hormaz egina zegoen eta ur behera ezponda-formako ebakidura zuen. Presa horrek 210 metroko luzera zuen, eta soilik egungo eskuineko ostikoaren kokapena egokitzen da jatorrizko presarekin. Kanala, era berean, jatorrizkoaren kokalekuarekin bat dator, gerora egindako berrikuntzek jatorrizko irudia erabat aldatu duten arren. Gaur egungoa bezala, 520 metroko luzera eta 4 metroko batez besteko zabalera izango luke, harlangaitzezko horma luzituez egina.
Multzoa nahiko egoera onean mantentzen da utzita dagoela kontutan hartuta. Lurraldeko adibide onenetako batean bihurtzen da jatorrizko gelak bertan daudelako eta ia aldaketarik gabe. Beharrezkoa izango litzateke hormen garbiketa sakon bat egitea, ondoren kontsolidatzeko. Horrela, multzoaren ikuspegi orokor bat lortu ahal izango zen, eta egon daitekeen metaketa arkeologikoaren ikerketa sakon bat bateratu beharko zitzaion.
Datu historikoak
Ereñotzuko multzo nagusia bi burdinolek eta errota batek osatzen dute, denak elkarren ondoan kokatuta. Burdin ekoizpen-zentro hau Bailara osoko nabarmenetako bat izango da, eta jarduera luzeenarekin, XVI. mendeko Gipuzkoako egoera sozioekonomikoko familia nabarmenetako bati lotuta. Hala ere, inbertsio politika arriskutsu batek, konponketa ugarien kostu handiak eta, batez ere, 1544an San Agustin Monasterio hernaniarraren sorrera eta patronatuak ekarri zuen zama handiak, harlauza astun gisa kargatu zuen familiaren ondarea. Lauza honek, bere jabetzak askotan enbargatzea eragingo du, agustindar lekaimeek (1560-1567, 1579-1580, 1581-1582, 1590-1600) edo bere hartzekodunek (1678-1693) kudeatuz.
Ereñotzuko burdinola zaharraren lehenengo datuak XV. mende erdialdekoak dira “la ferreria d’Ereñoçu” aipatzen denean (1450), Araeta familia garrantzitsuari lotuta (bere abizena kokatu ziren orubearenarengatik aldatu zuten). Azkenik “Ferreria mayor” edo “Ferreriavieja” deituko diote besteengandik bereizteko. Ekoizpen multzoa XVI. mendeko lehenengo herenan osatuko da (1520 eta 1533 artean), bi burdinola berri eraikitzerakoan. Bat jatorrizkoaren ondoan kokatuko da eta “Ferreria menor”, “ferreria del medio” edo Chabi (Etxabi) bezala ezagutua izango da, eta bestea bazterraren ezkerraldean (Bazterrola). Mende horren erdialdean multzoari irin-errota baten eraikuntza erantsiko zaio: “un molino de moler çebera çerca y junto a la dicha casa y torre” (1558). Datuen arabera burdinolek horma mehelinak partekatuko dituzte, ubidearen eskubialdean kokatuz, errota ezkerraldean kokatzen zen bitartean. Instalazio eta gelen hegoaldea XIX. mende bukaeran Zentral Hidroelektrikoak okupatuko ditu (Diez de Salazar 1997:89-97; Ayerbe 1998:232-239).
1556ko uholde bortitzak kalte larriak eragin zituen instalazioetan, “las tres ferrerias de labrar hierro” suntsituz eta zimenduetan utziz. Hori eta gero berreraikiak izan ziren eta martxan jarri ziren berriro, banaka alokatuz. Hurrengo urteetan, konponketa berriek eta ugariek, instalazioetan diru kopuru handiak inbertitzera behartuko dute. Hamarkadetan pilatutako zorrak eragindako arazoek, azkenik Ereñotzutarren ondarea saltzea behartu zuten XVII. mende bukaeran, 1693. urtean Pedro Atorrasagasti-ri.
Burdinola nagusia martxan jarraitu zuen eta Hernaniko Ainguren Errege-Fabrika osatzeko lehenengo kontratuaren parte izan zen (1750-1757). Burdinola honek XIX. menderarte lana egin zuen, azken urteetan kobrea landuz bi gurpil eta turbina batekin. Bigarren Karlistadarekin (1872-1876) instalazioak oso kaltetua suertatu ziren, berriro martxan jarri ez zirelarik.
Errota, bestalde, instalazio txikiagoa zen eta urtean sei hilabete egiten zuen lan, arto irina ehotzeko errotarri pare batekin soilik. Karlistadetan kalteak jasan izanagatik ere martxan jarraitu zuen 1897. urterarte, Zentral Hidroelektrikoak bere instalazioak hartu zituenean.