Ereñotzuko lonja eta portua

Ereñotzuko multzoa, izen bereko auzoan kokatzen da. Urumea ibaiaren bi bazterretan sakabanatuta.Inguru horretarako sarbidea Nafarroara doan errepidetik egiten da (GI 3410), auzo honen erdigunetik pasatzen dena.

Gaur egun ez dago portu zaharrarekin lotutako ebidentziarik, eta Lonja etxea baino ez da zutik mantentzen. Etxea asko aldatu da orain dela gutxi egindako berrikuntzengatik, hori dela eta, merkataritza zuzentzea zen bere jatorrizko betebeharraren nabaritasun guztia, galdu du. Hala ere, aldameneko burdinolekin lotutako aztarna batzuk gordetzen ditu barruan.

Multzoa tipologia eta kronologia desberdinetako eraikinek osatzen dute: Lonja Etxea eta Portua; Ereñotzu Burdinolak eta Errota; Bazterrola Burdinola; eta Zentral Hidroelektrikoa.

Deskribapena

Ereñotzuko Lonja eta portuaren aztarnak multzoaren Iparraldean kokatzen dira.

Etxeak oraindik, antzinako funtzioaren izena mantentzen du (Lonja). Laukizuzen-formako oinplanoa duen eraikina da (18×6 m) eta lur-eremuaren aldapara egokituta. Eraikina duela urte batzuk berritua izan zen, azalera Iparralderantz zabalduz.

Eraikuntza, tamaina desberdineko hiru gorputzetan banatzen da.Ibaira ematen duen aldeak (M) beheko solairua eta sotoa du, eta almazena bezala erabiltzen da. Erdiko gorpuan, gehien ateratzen dena, labearen aztarnak kokatzen dira. Honek ere bi altuera ditu. Eta azkenik, Ekialdean errepidearen ondoan, gaur egungo etxebizitza kokatzen da. Azken hau orain dela urte gutxi eraberrituta.

Elementu interesgarriena erdiko gorputzeko barrualdean dago. Han labe baten aztarnak kontserbatzen dira oso egoera txarrean, moztuta aurkitzen da eta bere alboak eraitsiak aldameneko geletara pasabidea errazteko. Zirkulu-formako oinplanoa du 2,50-3 m-ko diametroarekin eta 1,80ko gehienezko garaiera. 70 cm-ko zabalera duten harri-hormazko kareztatutako hormekin egina. Labe hau garai bateko arragoa edo minerala galdatzeko erabiltzen zen, eta dirudienez martxan zegoenean exentu zegoen eraikina zen. Ondoren, egungo eraikina egin zen bere hormak aprobetxatuz. Gaur egun bere barrualdea biltegi bezala erabiltzen da.Labe hau bere inguruan dagoen ola multzoarekin lotuta dago, eta ez du inolako loturarik multzoaren jatorrizko merkataritza eginkizunarekin.

Baserri honen eta Urumea ibaiaren inguruan ez dago jatorrizko portu-azpiegiturarekin lotutako eraikuntza-ebidentziarik. Oso litekeena da pentsatzea erabat desagertu diren material galkorrekin eginda egongo litzatekeela, nahiz eta ikerketa sakonago batek horri buruzko datu zehatzagoak eman litzakeen.

Datu historikoak

Ereñotzuko Lonja izen bera daraman ibai-portuaren inguruan kokatzen zen, bertara ontziak (alak edo gabarrak) iristen zirenekoa eta Urumea gora nabigagarria zenean. XV-XVI mendeetan ugarituko den zirkulazioa eta gutxinaka gain behera etorriko dena ia desagertu arte XIX. mende erdialdetik aurrera.

Lonjaren egitekoa Urumean zehar egiten zen merkataritza zaintzea zen (burdina, egurra eta beste salgai batzuk), bertan produktuak pisatu eta zergak kobratzen zirelarik. Instalazio hauek udal jabetzarenak izaten ziren, kudeaketa partikularrei alokatuz.Garaian, ohikoak izango dira Ereñotzuko portura arte edo portutik burdina edo burdina manipulatua eramateko kontratuak: “carreando continuamente al dicho puerto (Ereñotzu) lo que un ala puede, segund que los aleros de herrerias del dicho Valle acostumbran carrear para sus herrerias, sin alçar mano en todo tienpo qu fuere trabajo asta acabar de carrear a los dichos puertos”.

Bere inguruan aldameneko Ereñotzu burdinolaren jabeek labe edo arragoa bat jarriko dute mearen aurreko erredukzio edo egosketa bat egiteko burdinolara eraman aurretik. Arragoa hau 1577an testuetan aipatuta azaltzen da, nahiz eta seguruenik zaharragoa izan (las dos herrerias de Hereñoçu…con sus presas, anteparas, agoas y oyos de arragoas” 1-577)[100]. Labe horren ekoizpenaren daturik ez dago, baina burdinolarekin bat izango zen. XX mende hasieran eraikinari buruz “donde antes estuvieron emplazados los hornos de fundición y dependencias de la ferrería de Ereñozu” diote (1904).

Ereñotzu Iruditan

Gehiago ikusi