Fagollagako zementu fabrika

Fagollagako multzoa, izen bera daraman auzoan kokatzen da, Urumea ibaiaren eskuinaldeko bazterrean sakabanatuta. Multzoa, Nafarroara doan errepidearen (GI-3410) ertzean kokatzen da, Fagollagako zubiaren inguruan.

Multzoa, elementu desberdinek osatzen dute: Fagollaga Burdinola, gero Paper-fabrika bihurtuta; Porlan fabrika; eta azkenik Zentral hidroelektrikoa. Elementu guzti hauek Bailarako multzo aberats eta interesgarrienetako bat osatzen dute. Izate hutsak industria ekoizpen multzo batez hitz egiten digu, azken bost mendeetan luzatu dena gaur egun arte. Hori dela eta, kokapen hau interesgarrienetako bat da Gipuzkoako industriaren garapena aztertzeko, industriaurreko jardueretatik hasi (burdinola edo aingurak egitea) eta zementua edo energia hidroelektrikoa ekoizteraino.

Tamalez, mantentzen diren aztarnen egoera oso desberdina da. Zementu fabrikari dagozkion arrastoak, nahiz eta oso epe laburrean ekoiztu, Bailara eta Gipuzkoako interesgarrienetakoak kontsideratu daitezke. Aztarna hauek industriaren ikono ezagunena bilakatu dira, nahiz eta batzuetan Aingura fabrikarekin nahastu izan dituzten.

Inguruaren azterketa sakonago batek (landaredia kendu, ikerketa arkeologikoa) interpretatzeko garaian dauden zalantza ugari argitzea ahalbidetuko luke, eta aldi berean inguru hau Bailarako aisia eta ondare ikono bezala berpiztu.

Deskribapena

Fagollagako Zementu-fabrika eraikin desberdinek osatzen zuten, nagusiena kiskaltze labe zaharra izanik. Eraikin hau utzita dago eta landarediaz estalirik, baina egitura aldetik sendo dago eta nahiz eta pitzadura handiren bat izan, ez du erortzeko arriskurik.

Lauki-formako oinplanoa duen eraikina da (14×15 m), hiru solairuekin eta teilatua galdu duenaren susmoarekin. Egitura aldetik bi gorputz desberdinetan banatuta dago, elkarri atxikituta. Ekialdeko erdiak irudi itxia eta trinkoa du, kono-enbor formarekin eta irekita goiko aldean. Harri-hormaz egina, hareharrizko harlanduz eginiko eskantzuekin. Goiko aldean erdi-puntuko arkuak dituzten baoak daude, dobeletako hariak eta leiho-ertzak adreilu trinkoz eginak. Aurrealde nagusian 3 bao zituen eta albotako aurrealdeetan bana (Hegoaldekoa soilik mantentzen da), eta ezin da jakin arkuei begira dagoen atzealdean ere ba ote zituen. Gorputz honen barrualdean 3 labeen egosketa upel egokituta zeuden. Hauek, aurrealde bakoitzean bi aho dituzte, eraikin osoa zeharkatzen duten ganga-formako korridore batekin elkar lotuta. Arku beheratuarekin eginak, atezangoak hareharrizko harlanduzkoak eta ganga adreilu trinkoz eginiko bi lerro bidez. Labeak kono-forma dute goiko aldean estutuz, beheko erdia adreilu trinkoz egina eta goiko erdia hareharrizko harlanduz, elkar banatuta material berdinarekin egindako eta apur bat aterata dagoen moldura batekin. Labe hauen ahoetan ipinitako eta pilatutako zaborraz eta obra-hondakinez beteta daude. Horretaz gain, Hego-ekialdeko ertzean eranskin txiki bat du, 1,50 m-ko garaiera eta 0,70 luzera duena, antzeko harri-hormaz egina eta barrutik hutsik dagoena, zertarako egin zen jakin ezin delarik.

Mendebaldeko erdia okupatzen duen gorputza leku ireki bakar batek osatzen du, 4 arkuteriaz osatuta, bakoitza 2 erdi-puntuko arkuekin bi alturatan jarrita. Arkuteria hauek Ekialdeko gorputzaren aurka egina daude eta antzeko egikera dute, harri-horma eta hareharrizko harlanduekin eskantzuetan, eta arkuen dobelak lauzekin. Goiko aldean jatorriz leiho handi batzuk zituen, Ekialdeko gorputzarenaren antzekoak. Albotako hormetan eta Hegoaldeko horma pusketa batean besterik ez da mantentzen (leiho-ertz arrastoak). Ezin da jakin atzealdeko itxitura nolakoa izango zen, ibairantz begira dagoena. Arkuteria hauen goiko aldean, jatorrian, beste solairu bat egongo zenaren susmoa dago, baina oso zaila da hau zehaztea. Hutsune batzuk antzematen dira, gapirioak bertan egokitzeko izango zirenak, eta kasu batzuetan gapirio arrastoak ikus daitezke hutsunea betetzen. Arkuteria hauen kanpoaldeko zutabeen beheko aldean hareharrizko harlanduzko pieza monolitiko batzuk agertzen dira U etzanda itxurarekin, baina bere eginkizuna zein izango zen ezezaguna zaigu. Hegoalderago kokatutako zutabeen barruko aurpegian, 2,50 m-ko garaieran, gaur egun desagertuta dagoen egitura baten gapirioak heltzeko hutsune lerro bat antzematen da, berria dirudiena.

Eraikuntza honen 4 m-tara Hegoaldera, beste eraikin baten zimenduak dokumentatzen dira, egun erorita eta landarediaz estalita. Laukizuzen-formako oinplanoa du (8×15 m) nahiz eta jatorriz karratua izan. Gordetzen diren argazki zaharren arabera (1980ko hamarkada), eraikinak beheko solairua, solairu nagusia, ganbara eta bi isuriko teilatua zituen. Harri-hormaz egina eta harlanduzko eskantzuak beheko solairuan, goiko biak egurrezko egitura zuten bitartean eta ondoren berriztatutako zepa pusketak ere seguru aski. Une horretan jadanik eraikina mendebaldeko erdira murriztuta zegoen, ibaitik gertuago zegoena, nahiz eta beheko solairuko inguruko horma zutik mantentzen zen. Gaur egun eraikin honetatik ikusi daitekeen bakarra 2 m-ko garaiera duen horma bat da, oso egoera txarrean dagoena, eta landarediaz estalita. Litekeena da eraikin hau langileen edo fabrikako arduradunaren etxebizitza izatea, baina lehen bertan zegoen burdinola edo paper-fabrikaren eraikinekin ere lotu daiteke (03.01 Unitatea).

Bere ustiapenerako ur-azpiegitura, desagertutako burdinola edo paper-fabrikarena aprobetxatuko du, alde batean berriztatuz eta bere ekoizpen beharretarako egokituz. Zehazki, “presa vieja” eta desbideratze ubidearen zati handi bat berreraikiko da, Makina edo turbina etxe berri bat eta hustubide ubide berri bat eraikiz. Azken hau Makina-etxetik 35 m Hegoaldera kokatzen da eta oraindik martxan dirau soberan duen ura zuzenean ibaira botaz. Ubide hau lurrean zulatuta dago 1×1 neurriekin, lauzaz eta lurrez estalita, uhate bat du bere irekitzeko mekanismoarekin. Makina-etxearen eraikina ere berria altxatuko da, geroago Zentral hidroelektrikoa egokitzeko erabiliko dena (03.04 Unitatea). Eraikin xumea da, laukizuzen-formako oinplanoarekin (12×18 m), beheko solairua, sotoa non turbina egokituko den eta bi isuriko teilatuarekin. Bistako harri-hormarekin egina eta zementuzko filigranak harrizko blokeak antzeratuz, aurrealde nagusian ezik (H) zementuarekin luzitua izan dela. Beheko solairuan gaur egun desagertuta dagoen energia elektrikoaren sorkuntza sistema kokatuko zen eta sotoan turbina. Solairu honen sarrera lauzaz eginiko dobelak erdiko ostiko baten bitartez banatuta dituen erdi-puntuko arku bikoitz baten bitartez egina dago. Hormak harri-hormazkoak ziren baina egun zementuz luzituta daude. Bertan, dokumentatu ezin izan den harlanduzko oinarri baten gainean, turbina kokatzen da. 240 m-ko luzera duen hustubide ubidea berritu da, obra zaharrean sartu eta harri-hormazko horma batekin estali da. Obra hauek direla medio, zubiaren eskuinalderago dagoen zutabea (03.05 Unitatea) konpondu beharko da arku berri bat irekiz. Kanpoaldera, ataurrean, garbiketa sareto metalikoa jarri da, martxan jartzeko mekanismoarekin.

Obra hauek hein handi batean desagertu ziren (presa eta horniketa ubidearen hasierako zati handi bat), edo berrituak izan ziren (horniketa ubidearen beheko zatia, Makina-etxea, hustubide ubidea) bertan Zentral hidroelektrikoa berria ezartzerakoan.

Datu historikoak

Las Mercedes” zementu-fabrika XX. mende hasieran eraikia izan zen, eraikuntzaren munduarekin lotura zuten enpresari eta industrial talde baten ekimenez, Santiago Alquizalete tartean. Honek, 1902ko irailean, aurretik Fagollagako paper-fabrika zaharrak hartutako lursailak, alokatu zituen, bertan zementua ekoizteko toki bat jartzearren (Lerchundi 2009).

Kokapen horretan, Ramon Cendoya ingeniariaren egitasmo bati jarraituz, obra handi batzuk aurrera eraman zituen. Tartean, harria kiskaltzeko labeak eta horniketa ur-azpiegituran hobekuntza batzuk nabarmentzen dira. Labeen eraikitze prozesuaren daturik ez dugu, baina bai ur-horniketa sistemaren berrikuntzarena, hein handi batean paper-fabrika zaharrarena izango dena. Aurrera eramandako ekintzen artean presa zaharra berreraiki zen, harri-hormaz egina, trapezio-formako ebakidura eta harlanduz estaliriko mailekin. Halaber, bere goiko aldea, eta ubidearen hustubide eta elikatze uhateak harlanduz eginak daude eta zolatak hormigoiez. Desbideratze ubideak 840 m-ko luzera du eta moldaketak jasan zituen ere, ezpondak handitu eta hondoa beheratuz, altxagarri moduan harri-hormazko hormak erabiliz. Hustutzeko ubidea Urumea ibaiarekin lotu arteko zatian oso antzeko izango da ere. Makina edo turbina-etxea berria eraikiz, baliteke bertan zegoen antzeko eraikuntza bat erabiltzea horretarako, baina ezin da ziur jakin.

Lanak oso aurreratuta zeudenean, 1903ko apirilean, ekoizpena kudeatuko zuen enpresa sortu zen “5. Alquizalete y Cª” enpresa-izenpean. Hasieran, zementua ekoizteko behar zuen harri guztia Bortoluanea baserririk gertu zegoen harrobi batetik ateratzen zuen airetiko kablearen bitartez fabrikara garraiatuz, eta ikatza Marielutz inguruan zituen meatzeetatik (“La Luz” y “San Emilio”). Une horretan instalazioak eraikin eta makina batzuek osatuko dute: errotak eta hautsgailuak harria txikitzeko; turbina bat makinak eta jasogailuak mugi arazteko; labeak (tres ó más hornos necesarios para la buena calcinación de la piedra”).

1906tik aurrera ekoizpena beste enpresa batek hartu zuen, “F. Miner y Cª”, bi urteren buruan ekoizpena utzi zuena ere, instalazioak behin betirako itxiz ekoizpenaren errentagarritasun eskasagatik.

Hortik aurrera instalazioak utzita gelditu ziren, gaur egun ezagutzen ditugun bezala.

Ereñotzu Iruditan

Gehiago ikusi