Deskribapena
Fagollagako Zentral hidroelektrikoa izen bera duen auzoko erdialdean kokatuta dago. Urumea ibaiaren eskuinaldeko bazterrean, azken hau eta Nafarroako errepidearen artean (GI-3410). Instalazioak, Zentrala edo Makina-etxeak eta bere horniketa azpiegiturek osatzen dute, gaur egun martxan dihardutelarik “Nafarkoop” enpresak ustiatuta.
Makina edo turbina-etxea laukizuzen-formako oinplanoa duen eraikina da (12×18 m), beheko solairua, sotoa (bertan turbina kokatzen da), eta bi isuriko teilatuarekin. Bistako harri-hormaz egina eta zementuzko filigranekin harrizko blokeak antzeratuz, aurrealde nagusian ezik (H), zementuz berriztatua izan zena. Barrualdetik bi gelatan banatuta dago harri-hormazko horma baten bitartez. Makina-gelara iristeko eskailera batetik jaitsi behar da eta bertan Siemens etxeko alternadore nagusia kokatzen da, turbinaren ardatz horizontalaren ondoan (J. M. Voigth Heidenheim 1924 etxekoa). Baldosa zolatan, jatorrizko alternadorea gelako erdialdean beste kokapen bat zuela antzematen da (Zementu-fabrikak erabilitako sistema). Beste gela, Iparraldera kokatutakoa, biltegi bezala erabiltzen da eta hartatik ere iristen da turbina dagoen tangara. Eraikin hau jatorrian Zementu-fabrikak eraiki zuen XX. mende hasieran (03.03 Unitatea), eta ondoren Zentrala ustiatzen zuen enpresak berrerabili eta berritu zuen, makineria berrituz eta eraikinaren barruan kokatuz.
Zentralaren kudeatzaileek horniketa sistema ere aprobetxatuko dute, nahiz eta kasu honetan berrikuntza handiagoak egin zituzten. Horien artean Ereñotzuko bihurgunetik gertu zegoen presa zaharra bertan behera utzi zuten eta berri bat eraiki zuten 530 m-tara ur behera, ondo funtzionatzeko behar zuen emaria lortzearren (4.500 l/seg). Presa honek bi tarte desberdin zituen uraren bidearekiko zeihar, ezkerraldekoak 13,25 m-ko luzera zuen, eta eskuinaldekoak 26 m. Trapezio-formako ebakidura du, oinarrian 4 m-ko zabalera, goiko aldean 1,15koa, eta 3,80ko garaiera. Harri-hormaz egina eta zementuz berriztatua. Bi tarteen elkargunean izokinentzako hormigoizko eskailera kokatzen da.
Ubidearen hartzea eskuinaldeko bazterrean kokatzen da non bi uhate dauden (2,25×2 m). Hauetatik, ura, lauki-formako oinplanoa duen esparru batean sartzen da edo sedimentazio-ganbera, honek beste hustubide uhatea du eta ondoan garbiketa saretoa. Hemen bere zabalera 10 m-takoa da eta estutzen doa 7 m-taraino Makina-etxearen ondoan, non beste garbiketa saretoa dagoen bere eragite mekanismoarekin. Ubideak 320 m-ko luzera du (aurrekoaren 850en kontra) bere bidea aprobetxatuz hasierako zatian ezik, mendebalderantz mugituko dutena. Jatorrizko hormak hormigoizko batekin indartuak izango dira.
Hustubide ubideak 240 m-ko luzera du, eta zabalera gehiago emango diote 9,50 m-tara iristeraino, jatorrizko harri-hormazko horma oso hein txikian aprobetxatuz eta gainontzekoa hormigoiz berreraikiz.
Datu historikoak
Fagollagako Zentral hidroelektrikoa, lursailaren jabeak, Victoriano Celaya, egokitu zuen bertan, bere jabetzako antzeko beste zentralak zituenak. Lursaila eta azpiegitura hidroelektrikoak utzita zeuden gutxienez 1908tik, Zementu-fabrikak lanari utzi zionetik. Ur-jauzi hau erabiltzeko lehenengo saioa 1919koa da, baina ez zen aurrera eraman[96].
Horren ondoren, 1924an, Udalak gestioak egin zituen Celayarekin, ur-jauzia erosi, Lastaolakoarekin batu eta herritarrak energetikoki hornitzeko, nahiz eta kostuak oso handiak izan (“resulta un coste elevadísimo …han hecho imposibible la defensa del mismo y el Ayuntamiento debe desistir de su realización”). Ez da hau proposatzen den aldi bakarra izango, 1984an berriro ere saiatu zen, beti ere ezezkoarekin[97].
Zentralaren berrikuntza eta abiaraztea, azkenik, 1929an eman zen, berriro azkoitiar enpresariaren eskutik [98]. Celayak ustiapena handitu zuen 4.500 l/s-ra iristeraino “con destino al desarrollo de energía eléctrica” (1919an 10.000 eskatu zuen), horretarako hainbat obra eginez (presa berria, ubidea handitu, irteerako ubidea).
1985etik aurrera Zentrala beste enpresa baten jabetza izatera pasa zen, “Fagollaga, S.A.”, gaur egun ustiatzen duena izanik. Duela gutxi, 2018an, “Nafarkoop” kooperatibak erosi du, eta 450.000 KW/orduko ekoizpen-ahalmenarekin eutsi dio produkzioari.