ALTUNA VITORIA Familia Ez da batere lan gaitza izen honen ikerketa lana: “Intsusa” (zuhaixka mota bat) gehi di (ugaritasuna), hots, intsusa ugari den lekua. Leku hezea nahi du intsusak, eta mundu guztiak badaki, erredurak sendatzeko, lehen, baserrietan intsusaz egin ohi zen ukendu goxoa, argizaria eta oliba olioz baliaturik. Fagollagatik Lastaolara doan herri bidearen azpialdetik dago Intsusadi baserri sastarra … Continued
Intsusadi
ALTUNA VITORIA Familia
Ez da batere lan gaitza izen honen ikerketa lana: “Intsusa” (zuhaixka mota bat) gehi di (ugaritasuna), hots, intsusa ugari den lekua. Leku hezea nahi du intsusak, eta mundu guztiak badaki, erredurak sendatzeko, lehen, baserrietan
intsusaz egin ohi zen ukendu goxoa, argizaria eta oliba olioz baliaturik.
Fagollagatik Lastaolara doan herri bidearen azpialdetik dago Intsusadi baserri sastarra gaur egun, baina lehen hiru bizitza zituen etxea, bi bidez azpitik eta goitik hirugarrena. Altunatarrak hemen. Hiru familia bizi ziren, hiru baserri koxkorretan: Villarrolain, Miner eta Altuna familiak.
Altunatarren amona alarguna, Rufina izenez, (78 urte), hartu dut solaskide. Senarra, Migel Altuna Atxaran, amezketarra, eta Rufina Vitoria Arbe, nire solaskidea eta Okendo-Eneko alaba, emaztea. Seme-alaba hauek izan zituzten: Joxe, Ramon eta Luis, bikiak (1), Rosa Mari, Mari Karmen eta Margarita.
Orain, umorez eta txantxetan bezala jaurtiki dit honako esaldia: “hauek egin zituenak ere bazizkin abildadeak” baina senperrenak ikusia zen hauek erditzerakoan. “Haurminak sentitzean, aita bizikleta hartuta medikuarengana lasterka. Auzoko andrea eta gizona izan nitun laguntzaile”. Gizonak haurdunaren besoari eutsi honek indar egin zezan, eta andreak haurra erditzen lagundu. Jaio da haurra, lehena, eta sabela handi oraino. Bigarrena ere bai handik pixka batera.
Medikua eta aita etorri zirenerako auzoko andreak beso banatan omen zituen bi mutikoak, horra. Orain, amona Rufina, Ramon semea, beronen emazte Maite Urdangarin Iriondo, urnietarra sortzez, eta Ainitze hauen alaba bizi dira etxe berean.
Besteak beste, Migel eta Rufina ezkondu eta bizimoduari ekin ziotenean, hasiera estua izan zuten: etxea errentan, altzariak bigarren eskukoak eta pixkaka pagatzekotan. Oroitzen da 7.000,- pezeta mailegutzat adiskide bati eskatu behar izan zizkiotela urtean 200,pezeta itzultzekotan.
Aurrena bi zerri eta astoa ekarri zituzten baserria osatzeko. Udazkenean, hura zoritxarra! Bost zaku babarrun baizik ez zuten bildu ahal izan, uholdeak etorri, eta arto eta babarrun denak hondarrez tapatu zizkien eta. Hurrengo udaberrian lehenengo behia eta udazkenean zekor txiki bat etxean hazteko. Hala, joan ziren urtean hiruzpalau behi eta beste hainbeste zekor osatzen. Behorra eta orga zituzten ganadu jana eta garraiorako. Aitak Elektrokimikan lana, baserrikoarekin tartekatuz.
Esnea, gazta egiteko erabili zuten aldi batean, gero goizen seietarako Gurelesari Fagollagara. Iturria, etxetik oso aparte joan gabe. Udan agortu egiten zen eta orduan izaten ziren komediak. Arropa garbitzea, etxe barreneko ibaian.
URBIZU VILLARROAIN Familia
Intsusa zer den galdeginez eman diot hasiera elkarrizketari.
Felipa bertako alabak (78 urte) zera esan dit:
—“Makina bat biltzen genun. Hagineko minaren kontrako, flemoia, erixepela… sendatzeko ibiltzen genuen intsusaren lurrina”.
Eta beste erremediorik? Bizpahiru berehalako batean bota dizkit.
—“Belar urik ez da azukrearekin hartu behar. Azukreak sustantzia kendu egiten dio. Goizean baraurik hartu behar da ura”.
Beste bat.
—“Hiltze zaharren bat sartu ezkero, bederatzi harri txuri (etxearen ittuzurapetik hartuak), bederatzi erramu hosto eta bederatzi baratxuri ale, denak batera egosi eltze batean, gero eltzea kazuela batean ipurdiz gora ipini, orrazia eta guraizeak gurutzaturik eta hauen gainean orpoa jarri behar da. Ura eltzean barrena biltzen da. Pasmoarentzat erremedio hoberik”.
Eta bestea.
—“Osinen (asuna) ura. Gripe hasi baino lehen hartu behar da osinen ura. Udazkenean hostoaren erorian eta udaberrian hostoaren ateeran. Goizean baraurik, hiru egunetan bat. Donostiara xortaka eramaten genitun, 13 urte nituenerako eraman ere”.
Baldarra omen zen etxea. Bizitza bakarra izana eta gero bikoiztua, agidanez. Bide aldetik zeukan sarrera, ezkaratza eta alde banatan sukaldeak. Ateak ireki eta elkarrekin hizketan aritzen omen. Bakoitzak hiruna gela eta sala, baina hauek tabike batez bereizirik.
Behean bi ukuilu, oholez banandurik. Lurrak, ezkerrekoak Lastaola aldetik eta Fagollaga aldera eskuinekoak. Dolarea aparte, eta hau ere gerora baserri bilakatu.
Gurasoak, Justo Villarrolain Larburu aita, Hernaniko kalekoa; ama Joana Joxepa Retegi Gurmendi, bertako alaba. Amaren hiru ahizpa bizi ziren, gainera etxean. Jakingarria, bertako lau belaunalditan (oinaldi zioen berak) aitona, aita, senarra eta gero suhia etorkinak, alabak gertatu ziren etxekoak.
Seme-alabak: Joxe Mari, Felipa eta Maria Pilar. Felipa ezkondu etxera, eta Patxi Urbizu Bereau, Nafarroako Arantzan jaioa, Antonio, Maria Luisa, Joxe Mari, Mari Karmen eta Joxe Ramon seme-alabak izan zituztelarik. Maria Luisa etxean, Joxe Zendoia Ansa, Andoaingo Karrikako semea eta Beien eta Mikel hauen seme-alabak.
Bizimoduaz mintzatzen hastean txikitako gauzak aipatu dizkit. Komunio txikia Ereñotzuko elizan, artean ermita, egin omen zuen Felipak. Gero, parrokian Komunio Haundia. Hernanira oinez 6 kilometroko bidea eginez hamabost egunetan dotrinara. Azentzio egunez eta zuriz egin zuen komunio hau.
Ongi oroitzen da autobusean joan zirela eta… etorreran autobusa aberiatu, txerri-kamioian (Laxaro Ibarluze) etxera, “txukunak etorriko ginan”. Komunio bazkaria, extra izan zela dio: “oilo zopa ederra, oilo egosia piper gorriekin eta arrozesnea”.
Aitak eta amak baserritik atera zuten bizimodua. Sei behi, lau esnetarako, bi uztarrirako. Esnea, goizeko bostetan etxetik irten, Donostiara tranbian. “Baratza haundia beti, barazkiekin moldatzen ginan”.
Felipa ezkonduta baserri lanean; senarra Pasaiara egunero lanera eta seme-alabak ere kanpora gauza izaten hasi zirenean. Ororen buru, Felipa bakarrik baserri lanerako, erabaki bat hartu behar eta etxea saldu eta Urbizu taberna Ereñotzun.
Gogoko gauza bat galdu zuen Felipak baserriarekin batera. Baserrian arrosarioa errezatu eta garaiz ohera. Tabernan ezin horrelakorik, eta makurrena, goizean 6:00etan ireki ohi zutela