Lastaola Berri

Izen bereko, Lastaola, hiru baserrien artean berau gazteena, zaharrena jada itzalita delarik. Lastaola Goikoa baino goraxeago, Makinetxe-Fagoilagako bide nagusiaren eskuinera, bertatik, bidegurutzea, Lepa Txikira adar bat eta Elorribia eta Osiñagara bestea, kokatzen zaigu Lastaola Berri baserria.

Gaspar etxeko nagusiak (62 urte) antzina borda izandako susmoak ditu, agian Lastaoia borda. Idarreta deitu donostiar familia omen beraren jabe, eta hauek borda edo etxe zaharrari puska berri bat udaldia bertan pasatzeko ezarri ziotenean Lastaola Berri bilakatu zen. Gaur egun, kabiera handiko etxe jasoa dugu, alboan, lehengo perratokiak eta beste txabolak, txatarra lantzeko eta bereizteko erabilpena duteiarik.

Oroitzen da amona zenaz, Rufina Etxenike Gorostidi, Añoako alaba. Gurasoak, aita, Joan Bta Otegi Aranburu, Okendo-Eneko semea, eta ama, bertako alaba, Maria Arbe Etxenike. Honako seme-alaba hauek izan zituzten: Gaspar, Xabier, Iñaxio, Iñaxi, Kandiko, Joxe Luis, Axun eta Paulo. Seme nagusia, Gaspar, etxera ezkondu, emaztetzat Iñaxi Aginaga Aranguren Pardiolako alaba eta seme bakarra, Luis Gaspar, izan dutelarik.

Oinarri bat baino gehiago izan ditu bizimoduak baserri honetan, besteak beste kontrabandoa eta ganadu tratua aipagarri izanik. Lauzpabost behi izaten zituzten, eta behorra bere orgarekin esnea eta barazkiak Donostiara eramateko. Ongi oroitzen da Gaspar, Hernaniko Plaza Berrin (izen hau orain) zer nolako asto, behor eta zaldi samaldaren ikuskizuna izaten zen, agian, berrogeita hamar bat bai guztira. Burdinazko barra batzuk izaten ziren hor eta horietako batean behorra lotu eta tranbian Donostiarako bidea hartzen zuten. Oroitzen da, halaber, San Joan jaiegunetan behorra Karabelera, lehengusuaren etxera, eraitsi behar izaten zutela. Aita zena “Biyak Bat” papeleran ibiltzen zen lanean.

Idi parea zuten (eta dute oraindik, Hernaniko herrian kasu bakarra, noski), etxeko eta auzoko hainbat baserritako (Lastaola, Ibarluze, Lizarraga…) lurrak gorritzeko eta menditik hara eta hona azpigaia garraiatzeko, San Inaziotan hasi eta Urte Zaharretan kanpaina amaitzen zutelarik. Urte batean, hala zioen Gasparrek, 99 bidaia edo gurdikada ekarri omen zituzten, ehungarrena ekarri nahi, eta uztarria hautsi, hartan geratu omen ziren urte hartakoak.

Kontrabandoa izan zuten beste bizi-iturria, Joan Bta eta Gaspar, aita-semeok. Zekorrak, 40 bat eguneko zekorrak (100 kilo ingurukoak, etxe azpian hil (etxea berritu ondoan ganbaran) hurrengo egunean zekorra erdibitu, beraren besoa eta hanka gurutzatu, bakoitza zaku banatan eta barrunbeak beste zaku batean sartu, eta hala-hala igortzen ziren herriko harategietara, Lastaolako zaldi karroan, hau estalia izaki, eta bertako alaba Maritxuren ardurapean heltzen ziren herrira. Halako harategi jakin baten aurrean zaldia lotu, eta bera etxeetara esnea banatzen ari zen bitartean, beste norbait poliki arduratzen zen zekor-okela deskargatzeko. Gero, Gasparrek berak egin zion txanda. Guardia Zibilek garita bat omen zuten Karabeleko zubi ondoan. Beldurra eta komedia franko pasatu zuen agidanez.

Ganadu tratua izan zuen Gasparrek hurrengo zeregina, astero Torrelavegara kamioiarekin. Bost ordu behar izaten zituzten garai hartako errepideetan zehar hara helduko baziren. Baditu zeregin horretako hamaikatxo gertaera kontatzeko, hala fede!.

Azkenik, aposturako zaletasun nabarmena izana da gure Gaspar: idi-demak. Bizkaia guztia korritua da (Berriz, Mungia, Getxo…) han-hemenka antolatu idi-dema guztietan parte hartuz, garai batean behintzat, eta Gipuzkoan berdin.

Ereñotzu Iruditan

Gehiago ikusi