Deskribapena
Latsako Burdinolaren mantentzen diren arrastoak nahiko eskasak dira, eta Usoko errekan duen desbideratze presari dagozkio soilik.
Arrasto nabarmena, eta ia bakarra, elikatzeko presa da. Presa hau Ursalto bezala ezagutzen den inguru batean kokatuta dago, berezko ur-jauzi bat aprobetxatuz. Ur gora metro gutxitara produktu-kimikoen fabrikako presa kokatzen da. Presa nahiko egoera kaskarrean mantentzen da, 10 bat metroko luzera eta metro beteko zabalera duen harri-hormazko horma batez eraikia, eta errekako ibilguatik 20-30 cm eskas ateratzen dena. Ubidea bere eskubiko zubi-brankatik aterako zen, baina bai landarediak eta bai igarotako denborak bere ibilbidea ezabatu dute. Seguraski produktu-kimikoen ubidearen obrak egiterakoan, burdinolarena desagerrarazi zuten.
Ekoizpen instalazioak (tailerra, biltegiak, etab.) dirudienez mendi-mazelaren beheko aldean eta aipatutako usoko errekaren bazterrean kokatuko ziren. Bertan, harri-hormazko horma batzuk dokumentatu dira, baina oso zaila da zerenak diren jakitea aldameneko lantegiarekin lotutako beste eraikuntzekin nahasten baitira eta landarediaz estalirik baitaude. Horretaz gain, erreka bideratzeko horman (eskubialdean) erdi-puntuko arku xume bat ikus daiteke, ura ateratzeko zuzendua eta, dirudienez, aldameneko lantegiarekin zerikusirik ez duena.
Ezin da zehaztu aztarna guzti hauek burdinola zaharrarekin lotu daitezkeen edo ez, kokapenaren garbiketa oso bat eta arkeologia ikerketa sakon bat egin arte.
Datu historikoak
Latsako burdinola 1475ean aipatuta azaltzen da lehenengo aldiz, Martin Perez de Alcega eta Martin Avillasen jabetza bezala(Diez de Salazar 1977:106-107). Burdinola honi “la ferreria nueva de Avilas de Lasa” deitzen diote, honela Abillats eta Abillats de Arriba edo Ubarratuko burdinoletaz bereizteko.
XVI. mendetik aurrera, burdinola hau Elduaietarren familiari lotuta azaltzen da, Abillats eta Errotaranen jabeak zirenak. Mende honen erdialdean, instalazioek 1556ko uholdearen ondorioak jasan zituzten, bailarako gainerako instalazio produktiboek bezala. Ondoren, berreraikiak izan ziren.
Burdinola honen idatzizko azken erreferentzia 1616. urtekoa da, eta ez dakigu instalazioek noiz utzi zioten funtzionatzeari. Bi mende beranduago berretsi egiten da hori: “la herreria llamada de Lasa con su Casa de vivienda y pertenecidos …actualmente y desde hace mucho tiempo a esta parte se halla reducida la dicha herreria a Caserio de Labranza” (1811).