Deskribapena
Pikoaga-Mandarrietako Zentral Hidroelektrikoaren multzoa, makina etxearen eraikinak, zentralaren arduradunaren etxebizitzak, presak eta ubide sistemak osatzen dute.
Makina etxea angeluzuzeneko oinplanoa duen eraikina da (12×36 m). Silarrixkazko horma batez eginda dago. Baoak zementuzko moldura batez apainduta daude. 1990ean egindako bisitan eraikinaren barruan makineriaren atal bat mantentzen zen Theodor Bell markako Francis erako kapete bikoitzeko bi turbina (bat besterik ez da jatorrizkoa) eta Brown Boveri markako alternadore bat. Oraingo honetan ezin izan ditugu instalazioak barrutik ikusi.
Makina etxearen ondoan lantegiko arduradunaren etxebizitza aurkitzen da (egun Zentralarekin zerikusirik ez duten pertsonak bizi dira). Oinplano angeluzuzeneko eraikina da, makina-etxearen berdin-berdina den fabrika duena.
Goiko partean, 250 bat m2 ko azalera duen andela erregulatzailea dauka, egun hutsik, eta bertara zementuzko eskailera piko baten bitartez iristen da. Bertatik errematxatutako burdinezko bi hodi ateratzen dira mendi-mazelan finkatuak, 15 bat m luzera eta 120 eta 150 cm arteko diametroarekin. Andela harri-hormazko horma batez eginda dago, mendi-mazela aldera zama hobeki eusteko ezponda itxura duen trapezio-formako ebakidurarekin. Goi-plataformak badu teilapea zementuzko hormak eta estalkiarekin, non uraren pasabidea kontrolatzeko makineria jarrita dagoen, horretarako egurrezko bi uhate handi dituelarik.
Bere ubide sistema hiru presa ezberdinetaz osatuta dago:
– Presa nagusia Urumea ibaiko Ugaldetxo zubitik ur gora dagoen presa batetik hasten da, Pikoagaetxeberri baserriaren inguruan. Hau 40 m-ko luzera eta 2ko garaiera duen grabitate-presa da, aurrealdea ur behera eta arinki ezpondan egina. Eskuineko horma-bularraren ondoan arrainentzako eskala dago, eta ezkerreko horma-bularran sarrerako bi uhatez osatutako ubidea hornitzeko mekanismoa. Hornitzeko ubideak 2.500 m-ko luzera du (1.822 galerian) 3 m-ko zabalera eta 2ko garaiera duen ebakidurarekin, bere ibilbidearen lehenengo zatian Pikoagako burdinola eta errota zaharraren adarraren ibilguaz baliatuz. Bere bidean guztira 4 tunel zeharkatzen ditu, gaur egun batzuk itxita daudelarik eraisketen ondorioz, hala nola erreka batzuk (Urruzuno, Bezkite) zubi txiki batzuen bitartez. Ibilbidean zehar, ubideak emaria erregulatzeko uhateak aurki daitezke bere mekanismoarekin.
– Bigarren presa Urruzuno errekan (Urnieta) kokatzen da. 2 m-ko garaiera eta 10 m-ko luzera du. Erdialdean hondo uhatea du (1×1,10 m) errekaren ezkerraldetik igaroz. 70 metroko luzera eskasa du ubide nagusian isuri arte, eta 0,80×0,80 m-ko ebakidura.
– Hirugarren presa Bezkiteko errekan (Urnieta) kokatzen da. Hormigoiz egindako 0,70 m-ko garaiera eta 10 luzeran duen ebakidura zuzeneko presa da. Erdialdean hondo uhatea du. Presa ur goran pilatutako lurrez eta harriz betea dago ia. Ubidea errekaren eskuinaldetik doa ibilbidea tunelean jarraituz.
Datu historikoak
Pikoaga-Mandarrietako Zentral Hidroelektrikoa 1904. urtean eraiki zuten, nahiz eta bere aurrekariak hamarkada bat lehenagokoak izan. 1893an, Pikoagako zubiaren eta Latse fabrikaren arteko ibaiaren zati hori aprobetxatzeko lehen proposamen bat aurkeztu zen, baina ez zen aurrera atera. Bi urte geroago, 1895ean, beste bi proposamen aurkeztu zituzten batera, Ubarrechena anaiek alde batetik, eta Rocaverdeko markesak eta Alberto Larraldek osatutako elkarteak bestetik, azken hauei emanez (1895eko uztaila), polemika barne[118]. 4.000 l/s-ko aprobetxamendua egin nahi zuten erabilera publiko eta pribaturako energia elektrikoa ekoizteko. Hala ere, hilabete beranduago uko egingo diote, bazkideen arteko desadostasunak medio.
1900. urtera arte itxaron behar izan zen Eustaquio Zabalo ingeniariak eta Ramon eta Luis Cendoya anaia hernaniarrek proposamen berri bat aurkeztu arte (1900eko abenduan onartua), ibaiaren zati bat aprobetxatzeko “entre los puntos de Mandarrieta y la antigua Presa de Picoaga”. Aprobetxamendua eman zitzaien arren, obren hasiera lau urtez atzeratu zen, 1904ra arte, Ubarrechena Anaiek aurkeztutako salaketaren ondorioz. Behin betiko epaia 1906ko maiatzera arte ez zen iritsiko, bere eskubideak onartuz.
Hiru hilabete lehenago (1906ko martxoa), hauek, beren zatiak Unión Eléctrica Vasco-Navarra S.A. enpresaren ordezkari ziren Eugenio Grasset (Madrileko v°) eta Fernando Celayeta ingeniari bilbotarrei saldu zizkieten. Hauek obrak amaitu eta ustiapen hidraulikoa martxan jarri zuten, horretarako Nafarroako errepidearekin lotzen zuen zubia eraikiz.
1918an bere ustiapena Benita Bengoechearen (Abadiñoko bizilaguna) eskutan zegoen. Honek, urte horretan eskaera bat aurkeztu zuen emaria handitzeko, Urruzuno eta Bezkiteko errekatan bi presa berri eraikiz eta bakoitzean 200 l/seg desbideratuz. Proiektuan zenbait aldaketa egin behar izan eta gero, azkenean, bere proposamena onartua izan zen (1919ko martxoan). Obrak berehala egin ziren eta bi erreken emaria ubide nagusira desbideratu zen 4.400 l/s-koa izatera iritsi arte. Zentralak 1935ean guztira 7 langile zituen.
Unión Eléctrica Vasco-Navarra 1957an desegin zen, Hidroeléctrica Ibérica. Iberduero-rengatik xurgatua izanez (1992tik Iberdrola, S.A.), eta azken hauek instalazioen ekoizpena martxan izan zuten 2011. urtera arte. Orduz gero instalazioak itxita daude, eta hondatzen gutxinaka (kalteak makinetan, lur jauziak ubideetan, etab.).