Bere lehengo egitura errespetatuz, barne eta kanpo handiki berritua daukate orain etxea. Sarrera bide aldetik, sartu eta eskuinera dolarea omen zuten, eta ukuilua ezkerralde guztian. Orain bi bizitzako etxea dugu Urmendi; albo banatan ezker-eskuin terraza bana eta azpian garajeak. Dolarea zen lekuan sala txukun bat mahai eder eta beheko suarekin, tarteka familiartekoak bildu eta otorduak egiteko.
Aitona eta amona ziren bertan Maite ezkonduta etorri zenean. Joxe Agirre Zugasti aitona, eta Petra Perurena Zabaleta amona, “Iyola” baserriko alaba hau, eta bi semeak, Xanti senarra eta Julian koinatua.
Maite Etxeberria Otegi, Lastaola Goikoa baserriko alaba. Uraren kontra etorri zela esan diodanean, “bai, halaxe da, esan dit, baina badet uraren kontra areago egin zuan ahizpa bat Goizuetan”.
Bi seme eta bi alaba izan zituzten: Beatriz, Xanti, Julian eta Yolanda. Orain etxean, bi bizitza, ama bizi da alde batean Julian semearekin, eta Xanti bestean bere familiarekin.
Arrunt mendi-etxea, dena basoa, dena mendia, egurketan (egur garraioan), mando eta kableak bitarteko, atera zuten bizimodua aiton-amonek Urmendi baserrian. Amonak beste zeregin bat ere burutzen zuen, basomutilei jatekoa eta lo-lekuak prestatzea.
Maite etorri zenean behi bat edo beste izaten ziren, etxerako esnea sortzearren, eta mandoak. Gero behiak kendu eta artaldea jarri zuten, inoiz ere basolana utzi gabe. Aitonak ez zuen langintza hau utzi, eta ez bere bi semeek ere (Xanti eta Julian) bizitza osoan.
Ura besterik ez etxe inguru guztian eta etxean urik ez. Iturri txulo bat bazuten arropa garbitzeko. Edateko uraren arazorik ez, erreka arrunt garbia orduan (eta orain) eta gainerakoan etxeko sagardoa. Gaur egun, aspaldidanik jada, etxean dute ura. Etxe aurreko mendi hegalean begi-bistan dago uraren gordailua, aitona igeltsero, amona eta amak peoi lana, egin ondoan.
Beste obralan bikain bat ere bada eginik etxe honen atarian: zubi gaineko ataka, burdin gotorrez eginiko ataka, alde bietan ormigoizko horma sendoa duela, uholdeetatik etxea defenditzearren. lgeltsero eta peoi berdinek egina.
“Hemen etxeko lanez aparte, horrelako lanak izaten zian: soro-lana, egur-lana, mandoak gobernatzea eta bakoitzak ahal zuana”.
Haurrak lehenik Pagoagako eskolan ibili omen ziren. Hau itxi zenean, herriko eskolara. Eta zergatik ez Ereñotzura?
“Ereñotzu etxera bazkaltzera etortzeko urruti, eta Ereñotzun bazkaririk ez umeentzat”.
Senarra hil eta gero bereak eta bi pasatutakoa dugu Maite. Aitona ere gaixorik eta hala omen zion honek azkenetan zegoela:
—“Zuk lau umerekin ez dezu hemen zer eginik, saldu baserria eta joan kalera”.
—“Ez nik ez det salduko, nola edo hala heldu egingo diot etxeari”.
Irribarretxo bat atera zitzaion aitonari. Handik hilabetera aitona hil zen. “Zortzi hilabetetan, dio Maitek hunkiturik, hiru gorputz atera ziren etxetik (amona, senarra eta aitona)”.
Hurrengo egun batean, kaletik heldu da mandatuekin eta bidera seme zaharrena irten, negar batean. Zer zuen galdegin eta…
—Negar zotinka, “Ama, nik ez det Urmenditik joan nahi”.
—“Ez gera joango, zaude lasai”.
Hala, ahal zuen bezala aurrera atera zirela dio. “Familiakoek eta adiskideek ere asko lagundu ziguten, egia”. Urteen burura, familia hazita, nahiko zuhurtziaz eta patxadan agertu zaigu Maite.