Errota

Pagoaga deitu etxe nagusiaren aurre-aurrean, errepidez bestaldetik, daukagu, izen bereko Errota. Txoko goxo batean babesturiko etxe bildu polita berau. Harriz egina, orain berritua, harria agerian utzi zaiolarik.

Pagoaga

Lorentxo Lizeaga Aranburu (69 urte) etxeko semea dut solaskide. “Lehen etzan pinudirik, pagadia zan dena eta hortik datorkio Pagoaga” esan dit duda izpirik gabe.

Pikoagatik gora, usu bisitatua den iturri goxoa pasatuta, bihurgunea eta zubiaren ondoan dago PagoagaBenta Berri (Arano) eta Goizuetarako bidearen ezkerretik. Sukaldearen azpitik pasatzen omen Errota aldetik datorren Sagarretako erreka deitzen dena. Aurrean errepidez bestaldetik Mikelete etxea zegoen (Arbitrioak), orain desegina. Nahikoa kontrol izaten omen zen hortik pasatzeko. Hala ere, zahagia bizkarrean eta zahatoa eskuan etortzen omen kontrabandoko jende batzuk, trago bat ardo eman mikeleteei eta aise pasatzen ziren. Errota eta eskola zeuden, gainera, aurre-aurrean.

Olaziregi (Putro-enea)

Horrelaxe du jatorrizko izena, Olaziregi, nahiz eta aski ezaguna den Putro-Enea bere izen edo ez-izena. Lastaolatik gora Lepa Txiki bidearen eskuinera gertatzen da bi bizitzako etxe hau, lehen bi bizitza zituena eta orain ere bai.

Olaondo (Txokolate-enea)

Ameriketan izandako batzuk omen ziren, Urdanpilleta familiaren aurretik Olaondo baserrian. Handik eta harat du etxeak Txokolate-Enea izena, izatez aspaldidanik Olaondo bada ere.

Bestetik, Txirrita bertsolariak jarri zuen dantzan, Ereñotzun ermita eraikitzea zela eta, Txokolate-Enearen izena, dio nire solaskide Joxe Mari Urdanpilletak (72 urte).

“… ermitatxo au egin ziguten Txokolateren lurrian”.

Olaburu (Goikoetxe)

Goikoetxe izenez ezagunagoa bada ere, Olaburu du honek bere jatorrizko izena, esanahi handikoa beste gabe ere, oro har bere osotasunean hartuz gero. Baserri patxadakoa izana, Ereñotzu-Alkatxurain bidearen eskuinera eta Nafarroako errepidearen gainean eta orain ‘Trrintzi” taberna etxearen atzean kokatzen den Olaburu. Lursailak ere, batzuk behintzat, ez hain aldrebesak.

Okendo-enea

Bi bizitzako etxea orain eta aspaldidanik, baina bakarra garai batean (ikus eskriturak). Koxkorra zela diote, han puska eta hemen puska erosten joan, etxea osatzen berebat, eta etxe eta lur bi zati egina. Hona zertan bilakatu zen garapen horren emaitza.

Historiako Okendo almirantearekin ikustekorik izan ote zuen Okendo honek askotan pentsatu eta buruan erabili izan omen du, dio Maria Jose bertako alabak, “baina. nola jakin horrelakorik”? Bere horretan utzi dugu izenaren arazoa.

Lastaola-Lepa Txiki bidean gora gaintxo batera heldu eta hortxe kokatzen dira Okendo-Enea deitu bi baserriak. Biak sarrera bide aldetik nola iparraldekoak hala hegoaldekoak. Honek ukuilua etxepean eta ezkerrera etxeordekoa; hark, eskuinera, etxetik at, bai ukuilua eta bai etxeordekoa bere ganbararekin. Biak ere erabat berrituak, biak kabiera handikoak eta oraingoz behintzat martxa onekoak. Oraingoz diot, bateko bi anaiak eta besteko semea ezkonge daudelako, hirurak.

13 - 18 erakusten 94 emaitzetatik.

Ereñotzu Iruditan

Gehiago ikusi