Lastaola Berri

Izen bereko, Lastaola, hiru baserrien artean berau gazteena, zaharrena jada itzalita delarik. Lastaola Goikoa baino goraxeago, Makinetxe-Fagoilagako bide nagusiaren eskuinera, bertatik, bidegurutzea, Lepa Txikira adar bat eta Elorribia eta Osiñagara bestea, kokatzen zaigu Lastaola Berri baserria.

Lastaola

Nire solaskide Ramon etxeko semeak (63 urte) garaien batean burdinola izan ote zen errezeloa edo aditzera badu. Dokumentuetan ez da azaltzen horrelakorik. Lastoa eta ola ditu osagai segur aski izen honek. Edo lastoa gordetzeko lehorpea edota lastoz egin nahiz estalitako zerbait adieraziko luke. Dena den, “Lastola-Becoa” ageri zaigu “Nomenclator” zerrendan (1870) eta “Casa Lastola” Hamarrenak zerrendan (1610). Jendearen ahotan ere, Lastola, entzun ohi da gehienbat.

Larregain Behekoa

Larregain baserriaren azpialdean Ereñotzu alderago kokatzen da Larregain Behekoa izenak ongi adierazten duen bezala. Baserri txikia izango zela bistan dago, nahiz eta erabat berritu eta txukundua dagoen orain, lehengo horma nagusien gain obratua baitago.

Larregain

Sortaldetik sartalderainoko bide guztian zehar eguzkiak gogotik gozatzen duen gain batean, “larre” eta “gain”, kokaturik den baserria da Larregain. Ez da harritzekoa bazkaleku ederrez horniturik denez, “larre”, ardi eta abereentzat toki aproposa dela aitortzea. Bestetik, tximiniako kea ikustea aski izango da hemen haizea nondik ari den ohartzeko. Haize mota guztiak ezagunak izango zaizkie, esan beharrik.

Karobitxulo

Karobi izandako aztarnak badaude, agidanez, paraje horretan. Horretaz gain, zoko zulo bat da. Izena ez dago gaizki asmatua batere.

Izkue-enea (Trini-enea)

Izkoa-Ene ere ikusi dut nonbait baina ‘Izcue” edo “Izkue” da agidanez, garai batean etxejabe izan zenaren deitura (Pilar Izcue) balaxe zelako. Bi errezibo ikusi ditut neure begiz. Bata, 1960 urteko errenta baten agiria (90,- pta), eta bestea, Constribución Territorial, 1939, III Año Triunfal, 8,67,- pts”.

25 - 30 erakusten 94 emaitzetatik.

Ereñotzu Iruditan

Gehiago ikusi