Añarregi

Rafael, bertako aitona (81 urte) aurkitu dut etxe atarian, eta “ainarraren” esanahia duela etxearen izenak esan dit inolako duda-mudarik gabe. “Ainarra” batetik, “hegia” bestetik, etxe atzeko malkarra ikusi besterik ez dago horretaz jabetzeko.

Alkatxurain

Izenaren berri galdegitean, inolako arazorik gabe izan da bere erantzuna: alka edo alkabelarra (elmitza) duela sustraia izen honek esan dit Jose Luis Artola (61 urte) bertako semeak. Aita Puig, jesuita jakintsuari entzun omen zion lehenbizikoz.

Eta halako malda gogorra ikusita, eta bidea? “Bide oso txarra beti, zuloa, lokatza eta ez nolanahiko aldapa. Gogoan daukat ama zena nola igotzen zen xestua buruan zuala”.

—Emakume handia?

—“Ez, baina pizkor izugarria; ua zan gure ministra justizia eta ekonomiarena. Zazpi urte zituela ama hil, umezurtz geratu, eta bea zarrenetakoa, beste bost senideren ama bezala izana zan. Jakina, bizimodu hori dana pasata nola ez zan, ba, izango ministro”?

Eta guztiz umore onekoa omen zen. Bertso zaharrak kantatzen iaioa. Uztapide liburuan gutxi-asko hauxe esaten da, agidanez: “Ereñotzun entzundako emakume aotsik politena”

Arbelaitz-enea

“Donostiako Mirakruz kalean bizi ziren garai batean etxe honen jabeak” dio bertako etxekoandre Joxepak. Arbelaitz nonbait deitura eta hortik datorkio etxeari izena. Bestetik, izenaren esanahiak ere ez du batere zailtasunik: arbel + haitz, hots, pizar harria eta haitza edo harkaitza, horra.

Akola

Aski ezaguna egin zaigu Akola aspaldiko urteotan, honako puntu hauek direla medio. Sagastietako lepoa (Brontze aroko aztarnak) eta Akolako Udal Parkea. Izenak iduri du ola atzizkia daraman izen konposatua dela, baina ez da batere erraza gertatzen beraren sustraia argi eta garbi zein den jakitea. Banago Agorrola ez ote den ere. Alegia, ibai edo erreka bazterreko ez den (lehorrekoa) burdinola. Ez dut, ordea, inguruan zepa aztarnak badiren berririk. Bego bere horretan.

Abillats

Avilas, Avelaz, Abilla eta Abillats lau molde ezberdinotan azaltzen zaigu, gutxienez, baserri honen izena. Ola izana dela dio Florian (57 urte) bertako semeak eta Hernaniko burdinolen zerrendan ageri zaigu “Abillasko burdinola” (Ik. “Hernani eta Hernaniarrak”, A. Agirre Sorondo/100. or.).

Latxeko fabrika zaharra pasatuta aurreraxeago, ezkerrera dago Abillats, egun, etxe dotorea. Bi isuritako etxe zabala Goizuetarako errepidearen gainetik. Bi bizitzako etxea, biak baserri. Etxetik at oilategia.

49 - 54 erakusten 94 emaitzetatik.

Ereñotzu Iruditan

Gehiago ikusi