Ereñotzuko Auzo Udalak alegazioak aurkeztu dizkio K-Norte enpresak produktu kimikoak biltegiratzeko Epelen egin nahi duen proiektuari

Ereñotzuko Auzo Udalak alegazioak aurkeztu dizkio K-Norte enpresak produktu kimikoak biltegiratzeko Epelen egin nahi duen proiektuari, uste baitu proiektuak ingurumeneko eta hirigintzako gabeziak dituela eta, ondorioz, eskatutako lizentzia ukatu beharko litzatekeela. Erakundeak gogorarazi du substantzia sukoien, toxikoen eta korrosiboen biltegiratzea aurreikusten duen proiektua prozedura sinplifikatuaren bidez izapidetu dela, nahiz eta dokumentazioak berak aitortu jarduerak Seveso … Continued

Ereñotzuko Auzo Udalak alegazioak aurkeztu dizkio K-Norte enpresak produktu kimikoak biltegiratzeko Epelen egin nahi duen proiektuari, uste baitu proiektuak ingurumeneko eta hirigintzako gabeziak dituela eta, ondorioz, eskatutako lizentzia ukatu beharko litzatekeela.

Erakundeak gogorarazi du substantzia sukoien, toxikoen eta korrosiboen biltegiratzea aurreikusten duen proiektua prozedura sinplifikatuaren bidez izapidetu dela, nahiz eta dokumentazioak berak aitortu jarduerak Seveso III Zuzentarauaren mailak gainditzen dituela, eta istripu larriak izateko arriskua duen proiektua dela. Ingurumen-legediak prozedura arrunta ezartzen du arrisku esanguratsuak, efektu sinergikoak edo eremu sentikorren hurbiltasuna daudenean; baldintza horiek guztiak betetzen dira Epeleko kasuan.

Auzo Udalak nabarmendu du, halaber, inguruan dagoen Seveso instalazioen kontzentrazio handia: kilometro bateko erradioan dagoeneko bi industria daude arriskuen gorengo mailakoak, eta horrek zonaldea Gipuzkoako arrisku kimiko handieneko guneetako bat bihurtzen du.

Horri gehitu behar zaio hirigintza ikuspegitik horrelako jarduera berri bat ez legokela baimenduta. Auzo Udalak uste du Hernaniko Arau Subsidiarioak aintzat hartuta ezin direla istripu larrien araudiaren eraginpeko jarduera berriak ezarri hirigintza-plangintza aldez aurretik aldatu gabe. Lursaila, gainera, oso hurbil dago etxebizitzetatik, GI-3410 errepidetik, langile kopuru handiko enpresetatik eta azpiegitura sentikorretatik, hala nola Lastaolako ponpaketa-estaziotik edo alboan dauden Lurraldebuseko autobusen kotxetegietatik.

Ingurumen-ikuspegitik, proiektua Urumea ibaiaren Kontserbazio Bereziko Eremuan eta Natura 2000 sarearen barruan, zein uholde arriskuko gune batean kokatzen da, eta aurkeztutako dokumentuak ez ditu behar bezala aztertzen ez ibai-ekosistemari eragin diezazkiokeen kalteak, ez uholdeek sor ditzaketen arriskuak. Bereziki deigarria da Eusko Jaurlaritzaren txostenak ustiapen-fasea ia ez aztertzea, nahiz eta enpresaren dokumentuak berak onartzen duen substantzia sukoien biltegiratzeak suteak eragin ditzakeela eta horiek ondorio oso larriak izan ditzaketela ondasunetan eta biodibertsitatean.

Ereñotzu Auzo Udalak uste du Hernaniko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak zalantzan jarri behar zutela enpresak eskatutako prozedura sinplifikatua, arrunta bezala tramitatzeko. Horri gehitu behar zaio, Auzo Udala ez dela galdetua izan Eusko Jaurlaritzako ingurumen prozeduran. Bestalde alegazioak egiteko epean funtsezko txosten batzuetara sarbiderik ez du izan Auzo Udalak, Hernaniko udalari bidalitako espedientean ez zeudelako, eta Jaurlaritzari eskatu arren, Auzo Udalak oraindik ez duelako erantzunik jaso. Horrela, indefentsio egoera sortu da bai Auzo Udalarentzat bai herritarrentzat.

Horregatik guztiagatik, Auzo Udalak bere alegazioetan eskatu du espedientea ingurumen-ebaluazio arruntaren bidez izapidetzea, arriskuak behar bezala aztertuz gero Eusko Jaurlaritzak kontrako txostena eman beharko lukeela irizten baitu. Era berean, uste du Hernaniko Udalak jarduera-lizentzia ukatu behar duela, proiektuak ez dituelako betetzen indarreko hirigintza-arauak.

Azkenik, Auzo Udalak nabarmendu nahi du, bere alegazioez gain, Urumea bailarako herritarrek (Epele, Lastaola, Ereñotzu eta Hernani) bultzatutako alegazio herritarrak ere aurkeztu direla. Eskerrak eman nahi dizkie 10 egun eskasetan ekimena babestu duten 700 pertsona baño gehiagori eta elkarteei, proiektu honek bailaran sortu duen kezka sakona agerian uzten baitu.

Ereñotzu Iruditan

Gehiago ikusi