Lastaola Goikoa

ETXEBERRIA Familia Esanik dugu bi bizitzako baserria zela aspaldidanik Lastaola Goikoa. Eskuinekoa dugu hau, aipatzera goazena, Etxeberria familiarena. Eranskin bat dauka honek ibai aldetik, terraza eta beronen azpian etxe-ordekoa nahiz dolarea, non etxeko eta inguruko baserrietako sagarra jotzen zen; errotan laka izan ohi zen bezala hemen patsa uzten zen, zerbitzuaren aldera. Bixente etxeko nagusiari Lastaola Goikoa noizkoa den bai ote … Continued

ETXEBERRIA Familia

Esanik dugu bi bizitzako baserria zela aspaldidanik Lastaola Goikoa. Eskuinekoa dugu hau, aipatzera goazena, Etxeberria familiarena. Eranskin bat dauka honek ibai aldetik, terraza eta beronen azpian etxe-ordekoa nahiz dolarea, non etxeko eta inguruko baserrietako sagarra jotzen zen; errotan laka izan ohi zen bezala hemen patsa uzten zen, zerbitzuaren aldera.

Bixente etxeko nagusiari Lastaola Goikoa noizkoa den bai ote dakien galdegin diodanean, noizkoa ez baina norena izan zen badakiela izan da erantzuna. “Garai batean, Lastaola Goikoa (bi bizitzak) eta berebat Epele Etxeberri, Epele Borda, Epele Errota eta Epele Torre nagusi berarenak ziren, Rocaverde markesarenak”.

Eta jarraian ba al dakizu, bai al dakizu…. bata bestearen ondoren, gauza jakingarrien berri eman dit:

—Minerala ateratzen zutela lehengo denboretan etxetik eta ibai ondoko sakanean, gabarra bidez garraiatzen zuten, agidanez, ibaian zehar. Bertan burdinolaren bat izan zenik ez du uste.

—Teileria ere izan omen zen etxe barrenean noizbait. Oraino urte asko ez dela desegin zen teilak egosteko labe koxkorra.

—Ibaiaren bestaldera pasatzeko, orain Polikloro eta Elektrokimika fabrikak dauden lurzoru horretan lur landua izaten zuten eta, txanela erabiltzen zuten ibaia zeharkatzeko.

—Etxeko atari-atarian (lurpean) pasatzen omen da Makinetxe deitu zentralerako uraren kanala. Jakingarria, irundarrek alde batetik eta gailegoek bestetik urratu zutela hau, elkarren lehian bezala jardunez, harik eta elkar topo egin zuten arte.

Pantxika Lizeaga, Ereñotzuko Olaburu baserriko alaba zuten amona. Gurasoak, aita Joxe Joan Etxeberria Lizeaga, etxeko semea eta Axentxi Otegi Otaegi ama, Albiztur Santa Marinako alaba. Seme-alaba hauek izan zituzten: Bixente, Mari Tere, Joxe Mari, Xanti eta Pakita.

Bixente etxera ezkondu, emaztea Joxepi Aginaga Aranguren, Pardiolako alaba, eta seme-alabak izan: Gema eta Dabid. Gaur, senar-emazteak Dabid semearekin bizi dira baserrian.

Gurasoak baserritik bizi izan ziren. Gaztetan egur garraioan ibilia omen zen, bai, aita. Donostiara egurra eraman eta harea ekarri etxerakoan ganaduaren azpietarako. Bost edo sei behi, esnea astoan hartuta tranbia nahiz autobusera. Baratze ederra izaten zuten. Oilasko eta arrautzak esnearen osagarri. Beste osagarri bat ere bazuten: astean behin arropa zikina, garbitu, lisatu eta sos batzuen truke entregatzeko.

Bixente ere baserrian ari izan zen soldadutzara arte. Gero etxeko lurrak murrizten joan ahala, ibaiz handik aldekoak Polikloro eta Petrokimikak irentsi zizkien eta Oronak etxez beheitikoak, lanera hasi beharrean gertatu zen. Berrogei urte lanean leku berean, (Elektrokimika) lan egin ondoren jubilaturik dago Bixente.

Etxe aurrean ur aska bikaina ganaduak edateko nahiz arropa garbitzeko. Duela hogei bat urte behiak kendu eta baratzegintzari soilik eutsi diote.

 

ETXABE Familia

Bi bizitzako etxea izana da aspaldidanik Lastaola Goikoa baserria, nahiz gaur hiru ere badiren, alboan bizileku berria sagardotegiarekin, eraiki zenetik. Izenak adierazi bezala Lastaolatik goraxeago, bidez ezkerretik hau ere, dago Lastaola Goikoa.

Manuel Etxabe Oiartzabal (77 urte) ozta-ozta oroitzen da aitonaz, baina garbi dauka amonaren ezaguera. Aitona Manuel Etxabe, getariarra zen izatez, etxearen ibai aldeko saihetsean teileria omen eta teilagintza lanera etorria zen, gero eskuineko etxeko alaba Manuela Etxeberriarekin ezkondu eta ezkerrekoan bizitzen jarri ziren, agidanez.

Gurasoak, Joxe Etxabe Etxeberria, etxeko semea, Martina Oiartzabal Ugalde, Akola baserriko alabarekin ezkondu zelarik. Bederatzi seme-alaba izan zituzten: Iñaxi, Dolores, Manuel, Angela, Nikolas, Laxaro, Roxita, Tñaxio eta Luis Mari.

Gero, Manuel gelditu zen etxerako ezkonduta: Rita Zerain Miner, Larregaingo alaba emazte eta bederatzi seme-alaba hauek berebat: Iñaxio, Joxe, lñaxi, Itziar, Esther, Isabel, Maria Angeles, Begoña eta Laxaro. Orain, Manuel aita eta Mari Angeles alaba bizi dira etxean.

Bost-sei behi, zekor batzuk, hiruzpalau zerri, etxerako bat, berrogei bat oilo. Baratze ona beti. Esnea, barazkiak eta arrautzak harturik, Donostiara tranbian, autobusean gero. Hala dio Manuel aitonak: “bai, arrautzak eraman eta sardina zaharra ekarri, hori zen gure martxa”. Hala ere, nire ustetan, egunero Donostiara zihoan amak noizbehinka arrain pixka bat ere ekarriko zuela pentsatu nahi dut.

Manuel soldadutzara joan aurretik harrobian lanean aritua omen; hamar orduko laneguna, barrenua eskuz higarazten zuela dio. Sasoiko mutila izango zela esan beharrik. Eskumutur sendoko gizona ageri zaigu oraino.

Ezkonduta gero, Gureolara bizikletan, egunez erreleboan ari izanik. Oporrak baserriko lan boladaren arabera hartzen zirela dio, belar ontzeko garaian edo azpigarria etxeratzekoan. Urdaburu aldetik hau. “Orduan ez zan Benidorm eta horrelako fantasiarik izaten”.

Ospakizun handietako (festak,…) bazkariaren berri galdegin diot: “Gisadua, oilasko edo arkume erre pixka bat eta arrozesnea, horra”. Kamararik ez orduan, eta zenbait alditan, tarteka edo, bakailaoa edo zezina (ardi bat urtero) jaten zuten, diotenez.

Baserria eta fabrika ongi moldatzeko moduan izan zirela esan diodanean, hala esan dit: “Bai, sobrea galanta, baina barren hutsa”. Niretzat harrigarriagoa den zerbait ere kontatu dit. Sobrea, oso-osorik amonari entregatzen ziola, eta ez emazteari. Amonak eramaten, antza denez, etxeko administrazioa.

Amonari eskatu behar amak ere zerbait seme-alabentzat, beretzat, familiarako erosi behar zenean. Benetan, gogorra edo ezin ulertua egiten zait egoera hau! Zergatia? Manuel maiorazkoa izaki eta gero behin edo behin bera izango zela ondasun ororen jabe. Gaurko buruan ez zaigu horrelakorik kabitu ere egiten baina…

Ereñotzu Iruditan

Gehiago ikusi