UGALDETXOKO AISIALDI GUNEA UDAN

Urumea ibaiaren ingurunea babestua da, horregatik neurriz eta errespetuz gozatzeko deia egiten du Ereñotzuko Auzo Udalak. Ingurune natural horren erabilera ordenatzeko ibilgailu motordunen sarrera mugatua izango da eta erabilera egokia egiteko kartelak eta hezitzaileak egongo dira. Ekainaren 15etik aurrera, udalaren webgunean erreserbatu ahalko da egun osorako sarrera.

Erreserba egiteko aukera gaurtik aurrera erabilgarri egongo da www.hernani.eus   

2021ko udaz geroztik Ugaldetxoko aisialdi-gunea kudeatzeko zenbait neurri jarri ziren abian uda garaian. Pandemiaren garaian, herri batetik bestera mugitzea mugatuta zegoen garaian, izugarri areagotu zen eremu horren erabilera. Horren ondorioz, eta gehiegizko erabilera horrek eremu babestua arriskuan jar zezakeelakoan, neurria zorrotzak ezarri ziren.

Egoera bestelakoa da orain, eta neurriak arindu badira ere, Urumea ibaia zaintzeko beharrak, ostera, bere horretan jarraitzen du. Hortaz, datorren ekainaren 15etik irailaren 24ra bitarte aisialdi-gune hori zabalik egongo da egunero. Honekin batera, Hernaniko Udalak, Behemendirekin elkarlanean, pertsona bat kontratatu du aisialdi guneko erreserben kudeaketa burutzeko eta ingurune naturalaren inguruko sentsibilizazioan eragiteko.

Ondorengoak izango dira Ugaldetxoko guneari dagokionean udan kontuan izan beharrekoak:
• Ibilgailuz joanez gero, erreserba egin beharko da Hernaniko udalaren webgunean. Hiru egun baino gehiagoko tartean ezingo da erreserbarik egin.
• Egun osorako erreserba burutzen da (12:00etatik 20:00etara). Dena dela, ordutegi hori alda daiteke denboraldian zehar, ibaian eta ingurune horretan jarrera desegokiak edo naturaren kontrako egoerak identifikatzen badira. Honekin batera, Hernaniko Udalak gogorarazten du erreserba egunean bertaratu ezin duenak erreserba aurretik ezeztatzea beharrezkoa dela (jasotako baieztapen mezu elektronikoaren bidez egin daiteke).
• 40 autoentzako erreserba egin ahalko da, horretarako Ugaldetxoko aparkalekua erabiliko da eta aisialdi gunean kotxe kopurua gutxituko da.
• Komunak jarriko dira gune horretan. Berrikuntza bezala, aurten komun lehorrak jarriko dira.
• Iaz bezala, informatzaileak egongo dira gunean. Jendeari eskatzen zaie horien oharrei eta gomendioei kasu egiteko.
• Ekainaren 15etik irailaren 24ra egongo da gunea erabilgarri.
• Bizikletaz iristen direnek irekita dagoen tartean aisialdi gunera sartzeko aukera izango dute aurretik erreserbarik burutu gabe.
• Hernani-Goizueta autobus zerbitzua erabilgarri egongo da astean zehar (ordutegiak Hernaniko Udaleko webgunean kontsultatu daitezke) eta kasu honetan, ez da Ugaldetxora sartzeko erreserbarik behar.
• Erabilera arauak gogoratzeko kartelak. Ugaldetxoko aparkalekuan eremu horietako erabilera arauak jakinarazteko informazio panelak jarrita daude. Debekuen berri ematen dute kartel horiek. Adibidez, sua eta barbakoak egitea, txakurrak aske ibiltzea eta hondakinak uztea galarazita dago. Kontuan hartu beharreko beste arau batzuk ere azaltzen dituzte kartelek: bertan bizi diren animaliak, landaredia eta ingurunea errespetatzeko deia egiten dute eta bizikidetza eta ordena publikoko arauak errespetatzekoa, esaterako.

 

Ereñotzu Iruditan

Gehiago ikusi