APARKALEKU ERRESERBA
Pandemia garaian, 2019ko udan, goia jo zuen Urumea ibaiaren inguruan aisialdia igarotzeko grinak. Udalerriko mugak ezin gaindituta, edota inguruko hondartzetako aforoaren mugekin etsita, Urumeara jo zuen jende andanak. Masifikazioarekin batera, ingurunearekiko eta bizilagunekiko errespetu falta ere etorri ziren.
Horri aurre egin nahian, 2021ko udan, martxan jarri ziren eremu horretarako zenbait arau: Ugaldetxoko aisialdi-gunean ibilgailuen mugatzea, ingurunea errespetatzeko sentsibilizazioa lantzeko hezitzaileak, eta ingurune babestu bat dela eta zaindu behar dela gogorarazteko arauen kartelak. Pandemiaren neurri zorrotzak desagertu dira baina Urumea ibaia zaintzeko beharrak, ostera, bere horretan jarraitzen du. Hori dela eta, aurten ere neurri horiek indarrean egongo dira.
2004. urtean Urumea ibaia eta ingurunea Natura 2000 Sarearen parte bihurtu zen, Interes Komunitarioko Lekua (IKL) bezala. 2012an Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) izendapena jaso zuen, 215/2012 dekretuaren onarpenaren ondorioz. Bi izendapen horietaz ondorioztatzen da Urumea ibaiak babestu behar diren animalia zein landare-espezie garrantzitsuak dituela, baita interes bereziko habitatak ere.
Azken boladan antzeman diren gehiegikeriei aurre egin nahian, iaz jarri ziren martxan zenbait neurri eta aurten ere mantenduko dira:
Ugaldetxoko guneari dagokionez:
◦ Ibilgailuz joanez gero, erreserba egin beharko da Hernaniko webgunean. Hiru egun baino gehiagoko tartean ezingo da erreserbarik egin.
◦ Aurtengo berritasuna da egun osorako erreserba izango dela (12:00etatik 20:00etara). Dena dela, ordutegi hori alda daiteke denboraldian zehar, Ibaian eta ingurune horretan jarrera desegokiak edo naturaren kontrako egoerak identifikatzen badira.
◦ 40 autoentzako erreserba egin ahalko da, horretarako Ugaldetxoko aparkalekua erabiliko da eta aisialdi gunean kotxe kopurua gutxituko da.
◦ Komunak jarriko dira gune horretan.
◦ Iaz bezala, informatzaileak egongo dira gunean. Jendeari eskatzen zaie horien oharrei eta gomendioei kasu egiteko.
◦ Ekainaren 15etik irailaren 25era egongo da gunea erabilgarri.
◦ Bizikletaz iristen direnek irekita dagoen tartean aisialdi gunera sartzeko aukera izango dute.
Erabilera arauak gogorarazteko kartelak
Fagollagako zein Ugaldetxoko aparkalekuetan eremu horietako erabilera arauak jakinarazteko informazio panelak jarrita daude. Debekuen berri ematen dute kartel horiek. Adibidez, sua eta barbakoak egitea, txakurrak aske ibiltzea eta hondakinak uztea galarazita dago.
Kontuan hartu beharreko beste arau batzuk ere azaltzen dituzte kartelek: bertan bizi diren animaliak, landaredia eta ingurunea errespetatzeko deia egiten dute eta bizikidetza eta ordena publikoko arauak errespetatzekoa, esaterako.