Aparraingo ibilbideak Aiako Harriko Parke Naturalaren barruan dagoen arren, hernaniar askorentzat ezezaguna den gune bat ezagutzeko aukera ematen digu. Bide honetan zehar Urumea ibaia Hernanin nola sartzen den ikusiko dugu eta Aparraingo atsedenlekuaz gozatzeko aukera izango dugu.
Aparrain
Luzera: 3,7 km.
Ibilbidea
Ibilbideak Hernani eta Goizueta herriak lotzen dituen GI-3410 errepidearen 8,7 kilometroan dagoen Ugaldetxo taberna-jatetxean du hasiera. Urumea ertzeko aisialdiguneak eta bertan dagoen frontoia dela eta, uda inguruan jende asko biltzen duen tokia da. Inguruan ez dugu aparkatzeko lekua aurkitzeko zailtasunik izango.Gune interesgarriak
- A. URUMEA IBAIA: Nafarroan jaio eta Goizueta eta Aranoko udalerriak zeharkatu ostean Gipuzkoako lurretan sartzen da Donostian itsasoratzeko. Ibilbide honek Urumeak Hernanin duen gune ezezagunetariko bat erakusten digu, kalitate bikaineko ur hauen albotik igarotzeko aukera emanez.
- B. APARRAINGO BASOA: Aparraingo basoa harizti azidofilo bat da, Hernaniko udalerrian, egun, zabalera urria duen baso motakoa. Aparraingo basoaren basopea nahiz eta oso garaturik ez egon, zuhaitz helduz osaturik dago eta liken eta goroldio komunitate joriak biltzen ditu.
Informazio praktikoa
- Ibilbide hau berez ez dago seinaleztatua. Hala ere, hasieratik Oberan ibilbidearen marka txuri-horiak jarrai ditzakegu kontuan harturik 1,9 kilometrotara, markei muzin eginez, bidezidor bat hartu eta Aparrainerako bidea hartu beharko dugula marka gabeko bidetik. Aparraindik berriz marka txuri-horiak segituz, itzuliko gara hasierako punturaino. Kilometro erdiko igoera izan ezik, beste guztia pistaz egingo dugu.
- Ibilbidearen erdialdean Aparraingo atsedenlekua dugu.