Urruzuno

Urteetan zehar basogintzan lan egiten zuen hainbat hernaniarren lantoki izan den arren, egun Hernaniko bailara ezezagunetarikoa da. Baserririk eta beste inolako eraikuntzarik gabea, bailara hau osatzen duten ur-sareko erreka eta errekaertzak biziki garbiak eta kalitate mailakoak dira. Egun, konifera landaketek nagusitasuna duten arren, pago eta haritzez beteriko bailaratxo eta baso-orbanak ikusteko aukera ere ematen du Urruzunok.

Luzera: 8,4 km.
Iraupena: 2 h 45 min.
Zailtasuna: ertaina.

Ibilbidea

Ibilbideak Hernani eta Goizueta herriak lotzen dituen GI-3410 errepidearen 8,7 kilometroan dagoen Ugaldetxo tabernajatetxean du hasiera. Urumea ertzeko aisialdiguneak eta bertan dagoen frontoia dela eta, uda inguruan jende asko biltzenduen tokia da. Inguruan ez dugu aparkatzeko lekua aurkitzeko zailtasunik izango.

Gune interesgarriak

  • A. EZTEIZARKO PAGADI-HARIZTIA: Tamainaz handia izan ez arren, aberastasun handiko pagadia da Ezteizarkoa. Pago mugarratuz osaturik, flora likeniko aldetik duen aberastasuna izugarria da, bai eta zuhaitzen heldutasun eta mugarratu izaera dela eta kultura eta biodibertsitate aldetik duen balioa ere.
  • B. JIBRALTARKO MUGARRIA: XVII. mendean Urumea bailarako mendien jabetza argitzeko Hernani, Urnieta eta Donostiako Udalek Zilegi-mendien mugak adostu zituzten. Ez ziren lur publikoak, ezta pribatuak ere; zilegi-mendiko basoak ustiatzeko eskubidea hiru udalerrietako “derecho-habiente” zehatz batzuek soilik zuten. Jibraltarko mugarria Donostia eta Hernaniko mendi-zilegien arteko banaketa puntua da. Hau dela eta, mugarrien alde batean Donostiako hiriaren “SS” ikurrak ageri dira, bestaldean, aldiz, Hernaniko lurren ikurra den “H”-a.
  • D. MUNISKUEKO MULTZO MEGALITIKOA: Hernani eta Urnietako udalerrien mugak 1956an aurkitu zen multzoa zeharkatzen du alderik alde. Bertan, trikuharria, mairubaratzea, 1,75 m-ko menhirra edo iruinarria bezalako aztarnak aurki daitezke. Hernaniko multzo megalitiko ederrenetariko bat osatzen dute.

ESKUORRIA

IBILBIDEA

  • E. MOSPELANZOKOKO HARIZTI MISTOA: Purgatorio errekaren iturburuan, hainbat errekastoren sorlekuan, baso ederra osatzen dute Mospelango zokoko haritz zein pago mugarratuek, bai eta errekastoen hezetasunaren ondorioz hazten diren haltzadiek ere.
  • F. PURGATORIOKO BAILARA: Purgatorioko errekaren arroa bere osotasunean Hernaniko bailara aberatsenetarikoa da, bai bere ur eta erreka-ertzak duen aberastasun eta kalitateagatik, bai eta bere arroko basoen dibertsitate balio handiarengatik ere. Arroko basoaren jarraikortasunak eta egur hil ugariz eta zuhaitz mugarratuz osaturiko orban zabalak, kontserbazio ikuspuntutik oso gune garrantzitsua bilakatzen du purgatorioko bailara.

Informazio praktikoa

  • Mendiko arropa arina eramatea gomendatzen da.
  • Ibilbide osoan iturririk ez dagoenez, ura eta jateko zerbait eramatea komeni da.
  • Euri garaian pistak lokaztuak egon daitezkeenez mendiko bota egokiak eramatea gomendatzen da.
  • Igaroko ditugun pare bat basotan bidea ez da oso argi ikusiko, hau dela eta, zati hauetan marka urdinei adi egotea komeni da.
  • Iparrorratza edo GPSa eramatea gomendatzen da.
  • Ibilbidearen hasieran aurkituko dugun malda gogorrak ez gaitu desanimatu behar: hoberena etortzear dago eta ederra da, merezi du!

Ereñotzu Iruditan

Gehiago ikusi