Usoko

Usoko errekako bailara inguratzen duen ibilbideak Hernaniko hirigunea, Ereñotzu eta Usoko errekako bailararen ikuspegi bikainak ematen dizkigu. Aginagamendi, Urdaburu eta Igorin bezalako mendiak igaro eta bertako bistez gozatzeko aukera ez ezik pagadi zahar, estazio megalitikoak eta Txirrita bertsolaria zenaren jaiolekua bertatik ikusteko aukera emango digu.

Luzera: 11,8 km.
Iraupena: 3 h 45m.
Zailtasuna: ertaina.

Ibilbidea

Hernani eta Goizueta herriak lotzen dituen GI-3410 errepidearen 6,4 kilometroan Latse etxea dago eta ibilbideak hementxe du hasiera.

Gune interesgarriak

  • A. AZERILEPOKO PAGADIA: Gure arbasoek ikatza lortzeko egindako pago mugarratu zaharren babesean, etorkizunean pagadi bikaina izango den pago gazteen landaketa dago, Hernaniko herritarrek 1974ko Zuhaitz egunean landaturikoa. Gune txikian, Hernaniko pagadien iragana eta etorkizuna ikusteko aukera bikaina da Azerilepoko pagadia.
  • B. PAGOSARDEKO PAGADIA: Errenteriako udalerrian kokaturik, pago mugarratuz osaturiko pagadi bikainaren ertzeko zuhaitzek itzala ematen dute Pagosardeko atsedenlekuan. Pago mugarratuak basogintzak urteetan zehar Euskal Herrian, eta bereziki Urumeako bailaran, eduki duen garrantziaren isla dira, bai eta egundaino aintzat hartu ez diren dibertsitate balio handiko zuhaitzak ere.
  • D. MALMAZARKO PUTZUA: Euskal Herrian urteetan zehar hezeguneak desagartarazteko egin den ahaleginaren ondoren, udalerri asko hainbat espezieren biziraupenerako ezinbestekoak diren gune hauek berreskuratzeko ahalegina egiten ari da. Malmazarko putzua da horren adibideetako bat.
  • E. IZENEDERKO PAGADIA: Pago eta haritz mugarratuz osaturiko basoa. Pinu landaketak Euskal Herrian sartu ziren arte Usoko errekako bailarako gunerik altuenek edukiko lituzketen pago eta haritz baso bikainen hondarra besterik ez da Izenederkoa eta era berean, hainbat fauna eta flora espezierentzako azkeneko bizilekua.

ESKUORRIA

IBILBIDEA

  • F. IGORIN-AKOLA ESTAZIO MAGALITIKOA: Hernani, Astigarraga eta Donostiako lurretan zehar zabaltzen den estazio megalitiko honek Hernaniko udalerrian zazpi trikuharri ditu. Multzo Monumentalaren kategoriarekin, Kalifikaturiko Kultur Ondasun izendatua, Hernaniko Sagastietako Lepoa I izeneko trikuharria da hoberen kontserbaturik dagoena.
  • G. ARTAMUGARRIAK: Artamugarriak Urumeako bailaran hain ohikoak diren saroeen erdia adierazten zuten harriak dira. Saroe edo saroi bezala ere ezagunak ziren gune hauen jatorria oraindik ere zalantzazkoa den arren, aintzina, basogintza-guneen baitan esparru “libre” garrantzitsu bat ziratekeela uste da. Ibilbide honetatik gertu aurkitu ditzakegunak bi dira: Akola: gure ibilbidetik kanpo, Akola baserriko lurretan dago kokatuta eta oraindik ere ongi kontserbaturik dago. Ikerketek adierazi dutenez, saroeak gune eguteretan eraiki ohi ziren beti ere. Kasu hau, horren adibide garbi bat izan daiteke. Artamugarria erreferentziatzat harturik jartzen ziren baztermugarriak ikus daitezke oraindik ere, baserriaren inguruan. Alkatxurain: Egun errepidea eta baserriaren artean aurkitzen den ur-askaren parte da eta garai batean inguruan saroea izanaren aztarna da.
  • H. OLA ZAHARRERA DOAN KANALA: Latsen bertan tximini handi baten itzalpean aurkitzen den ola zaharrera urak eramaten zituen kanala, ola honetako zatirik garrantzitsuenetarikoa zen, izan ere, elektrizidaderik ezean, ekoizpenak kanal honek eramaten zuen urarekiko dependentzia osoa zuen.
  • I. USOKOERREKA, OLA ZAHARRA ETA TXIRRITAREN OROIGARRIA: Latsera iristen ari garela Usoko errekarekin egingo dugu topo, hainbat fauna eta flora espezie mehatxaturen bizileku den bailarari izena ematen dion errekarekin. Latsen bertan, garai bateko ola zaharra aurkituko dugu, alkohola (erretzekoa eta masaiatzekoa), ozpina, alkitrana eta egur ikatza egiten ziren gunea. Azkenik, erreka hau Txirrita bertsolari hernaniarraren jaioleku izan zen baserriaren alboan kokatzen da, bailarara sartu nahi duenari ongi etorria eginez.

Informazio praktikoa

  • Gaur egun ibilbide hau ez dago markatua. Hau dela eta, ez du bidea adierazten duen balizarik.
  • bilbidearen ezaugarriak kontuan izanda, honen azalpen zehatza egiteko asko luzatuko ginateke, beraz, egingo dugun azalpenak, ipar horratza, altimetroa edo GPS-aren laguntza beharko du norabideak ondo hartzeko.
  • Ura eramatea derrigorrezkoa da.
  • Pagosardeko atsedenlekua geratu eta indarrak hartzeko gune zoragarria da.
  • Zailtasun ertaineko ibilbidea da.
  • Hasiera gogorra du eta igoera metatu nahiko handia, baina gainerakoan ibilbide benetan interesgarria da.
  • Kontutan hartzekoa da ehiza garaian Akola-Igorin mendi lerroan harreta handiz ibili beharko dugula ehiza-postu ondotik pasatzerakoan.

Ereñotzu Iruditan

Gehiago ikusi