Harrapazka eguna

Igoin mendiaren magalean bildu dira denak urtero bezala. Ilun-bistan atera dira, bakoitza bere baserritik. Oinez egin dute bertarako bidea, batzuentzat ordutako bide luzea. Eguna argitzen ari du eta tentsioa sumatzen da. Han daude denak orain. Zain. Igitaia eskuan hartuta, maldan gora dagoen landazainari begira. Adi.

Bat-batean, landazainak besoa altxa eta argi bat atera da zerurantz. Etxafuegoa iraileko zeru gorrituan lehertu da. Puskatu da isiltasuna. Igoin-sasiko hariztiaren azpian igitai hotsa baino ez da entzuten. Zeinek iñistor edo garo gehiago ebakiko ariko dira ilundu arte.

Hasi da aurtengo Harrapazka Eguna!

Auzolana eta lehia nahasten direnean

Harrapazka Eguna iñistorra ebakitzeko garaiari irekiera ematen zion eguna zen. Hau ospatu arte debekatua zegoen iñistorra moztea, multa jasotzeko arriskuarekin gainera. Egun berezia zen zinez, zituen berezitasunengatik, eta baita zuen garrantziagatik ere.

Iraileko amabirjin (irailak 8) egunaren inguruan ospatzen zen urtero, iñistorra gorritzen hasten zen garaian. Udalak bandoa ateratzen zuen herritarrei noiz eta non izango zen jakinarazteko eta bertara nahi zutenek joateko eskubidea zuten, herri-lurretan egiten baitzen. Askorentzat iñistorra doan ebakitzeko eguna zen; Udalarentzat, aldiz, iñistorra moztea kudeatzeko edo erregulatzeko modua zen. Izan ere, Harrapazka Egunak bere legeak zituen eta horiek ez betetzeak zigorra zekarren.

Familia bakoitzetik bi-lau –urtearen arabera– pertsonak baino ezin zuten parte hartu eta bertara igitaia baino ezin zitekeen eraman iñistorra mozteko.

Egunean bertan, landazainak agindutakoan hasten ziren denak ebakitzen. Bakoitzak bere eremua markatzen zuen aurrena bertako iñistorra moztuaz. Lehia estua izaten zen: aldamenean zeudenek baino azkarrago moztea garrantzitsua zen, norberaren eremua handiagoa izateko. Zenbat eta azkarrago moztu, orduan eta handiagoa partzela. Hori zen harrapazka, hitzak berak esaten duen moduan, ahalik eta gehien, ahalik eta azkarren ebakitzea, etxera iñistor gehiago eramateko. Behin buelta guztia “markatuta”, barrukoa mozten hasten ziren.

BIDEOA

ERREPORTAJEA

“Aurreneko egunean igitaiarekin moztea baino ez zen libre izaten” esan digu Hipolitok. Iluntzen zuenean ematen zitzaion amaiera Harrapazka Egunari. Hurrengo egunean, leku eta ordu berean, iñistorra mozten jarraitu zezaketen, “baina segarekin moztea baimentzen zen”. Horrela, iñistor guztia ebaki arte, edo nahikoa hartu arte irauten zuen kontuak.

Gure testiguek kontatzen digute nola urrutieneko baserrietakoek orduak egiten zituzten goizean Harrapazka Eguna egiten zen eremura iristeko. Amantarrak eramaten omen zituzten jantzita. Zakuetatik ateratako tela zatiekin –eta beranduago paper-fabriketako mantekin– eginiko galtzetin edo polaina modukoak, abarken gainean jartzen zituztenak. Eta zakutoan eramaten omen zuten jan beharreko guztia, jateko denborarik bazuten, behintzat… garrafoiak ere eramaten omen zituzten sagardo berriarekin, izan ere, zaharrenen esanetan, “sagardo berriak harrapazka egunerako egina behar zuen”. Beste batzuek, ordea, “herriaren kontura joaten ziren bazkaltzera” esan digu Antoniok. Udaleko ordezkariak eta landazainak ere bertan egoten ziren, baita Aldundiko ordezkariren bat ere, “baina haiek jatetxetik ekarritako janaria jaten zuten, e! eta iñostorra ebaki gabe! Gure kontura!”.

Iluntzean ere izaten omen ziren komeriak. Jendeak ilun-bistan ebakitzen jarraitzen omen zuen eta landazaina zelatan ibiltzen omen zen, arropak aldatu eta txapela alderantziz jantzita ea zein harrapatuko. “Ilargitan lapurtu ederki egiten da” esan digu barrez Pedrok.

Istilurik ere ez zen falta, itxuraz: “Hi gure partzelara sartu haiz!”, “Guk ebakitako iñistorra jaso duk!”… izan ere, harrapazka lehia zen. Eta horrek liskarrak eta komeriak ekartzen zituen. Udalak behin baino gehiagotan atera behar izan zituen bandoak legeak gogoraraziz. Baina iñistorra behar beharrezko lehengaia zen, eta horrek auzolanean lan egitera ere behartzen zituen bizilagunak.

Iñistorra mozteko garaiaren aurretik “aaldiya” (araldia) izenekoa egiten zuten –zenbait herritan “malobra” ere deitzen zioten–. Araldia auzolanari esaten zitzaion; iñistor tokietara zihoazen gurdi bideak konpontzeko eta txukuntzeko egiten zen auzolanari. Bertara familia bakoitzak ordezkari bat eramateko betebeharra zuen eta ezin bazuen bidali, ordezkoa aurkitzea euren lana zen. Udalak bando bidez jartzen zuen eguna eta bideak konpontzeko taldeak egiten zituen. Inguruan aurkitzen zituzten harri eta materialak erabiliz konpontzen zituzten gurdi-bideak. Gure testiguek, ordea, beste mota bateko kontuak ere gogoratzen dituzte. Izan ere, Udalak ardoa jartzen omen zuen doan eta ba omen zen jenderik, bertsoak botatzen bukatzen zuenik egun hartan…

Aaldiya eta Harrapazka Egunaren ondoren, ebaki eta mendian lehortzen utzitako iñistorraren bila gurdiekin joateko garaia iristen zen. Askok gune jakin batean egiten zuten zita gurdiekin, eta elkarrekin joaten ziren guztiak bata bestearen atzetik iñistorraren bila, “trena bezala!”, “gurdi soinu ederrak ateratzen” gure testiguen arabera. Familiakoen artean jende nahikoa ez, eta baserrien arteko auzolana ere izaten zen askotan, bai iñistorra jasotzeko, bai metak egiteko ere.

Ereñotzu Iruditan

Gehiago ikusi