Putzuzar

Lehendik ere badira aztarnak Hernaniko Igoin-Akolako estazio megalitikoan eta orain Putzuzarreko trikuharria batu behar. Aztarnoi begira duela lau mila urteko gizarteari buruzkotasun asko sumatzen dituzte arkeologoek. Adibidez, trikuharriak auzolanean egiten zituztela. Indusketak ere halaxe egin dituzte.

Putzuzarreko trikuharria, Hernaniko Ereñotzu auzoan, Akolako atseden gunetik 200 bat metrora ipar-ekialderantz, pistaren albo samarrean. Ohikoa da suharri mota horiek topatzea Ereñotzuko paraje inguru horretan.

Putzuzarreko Trikuharria, iragana kontatzen duen marka bat paisaian

Trikuharriak ehorztoki kolektiboak ziren, egungo panteoien modukoak. Harlosez itxitura bat egiten zen, paretak eta tapa bat, eta gorpuak osorik bertan sartzen ziren. Neolito garaian hasi ziren, Kristo aurretik lau mila urte inguru, eta brontze arora arte iraun zuten, Kristo aurretik 1.500-2.000 urte.

Hildakoari zenbait osagairekin laguntzen zitzaion; apaingarriak, berak erabiltzen zituen gauzak, gezi-puntak, armak, labanak, zeramika ontziak… Ez dago espresuki hildakoarentzat egindako ofrendarik. Egunerokoan erabiltzen zituzten tresna arruntak topatu ohi dira. Normalean gauza horiek egoten ziren trikuharrietan, beste gauza bat da egunotara zer iristen den eta zer ez. Materia organiko guztia normalean desegin egiten da.

Hezurrek eta zeramika ontziek, dauden lurraren azidotasunaren arabera, iraun dezakete edo ez. Kasu honetan, Putzuzar inguruan hare-harria da nagusi, lurra oso azidoa da eta hezurrak eta zeramika desegin egiten dira. Baina harria kontserbatu egiten da.

PUTZUZAR

GARBIKETA-LANAK

Auzolanean egindako trikuharria auzolanean atera dute bistara. Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatuta, Ereñotzu eta inguruetakoak aritu dira indusketa lanetan.

Ondarea guztiona da eta hori erregulatzen duten arauak eta izapideak daude. Kasu honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio lan arkeologikoak baimentzea. Lan arkeologikoak ez dira zaletasun bat. Ondarea ondo zaindu beharreko kontua da. Hartara, kasu honetan ere beharrezkoa izan da Aldundiaren baimena eta hark jarritako baldintzak betetzea. Pieza guztiak aztertuko dituzte eta lehen bistara ikusi dituztenun lehengaiak benetan horiek direla ziurtatuko dute. Gero, orain topatutako piezak estazio megalitiko honetan topatutako beste piezekin konparatuko dituzte, eta baita Gipuzkoako eta Euskal Herriko beste batzuekin ere.

Putzuzarrekoa bezalako egiturak babestu egiten ditu Aldundiak, bai legearen aldetik eta baita fisikoki ere. Ez dira ixten, baina bai markatu eta seinaleak jarri. Eta urtean pare bat aldiz garbiketa bat egiten da, ingurua garbi mantentzeko. Hortik aurrera, jendeak errespetatzea eta zaintzea falta da. Kasu batzuetan, tokian tokiko udalak hesitu egiten du monumentua. Normalean jendeak errespetatu egiten ditu monumentu megalitikoak. Lehen ez. Ehiztari askok monumentu horietan jartzen zituzten ehizarako postuak. Baina kasu askotan ezjakintasunagatik egiten dira horrelakoak. Azken hogei urtean lan handia egin da kontzientzia zabaltzeko, monumentu horiei balioa emateko eta zaintzeko. Orain, zorionez, ez dira horrelakoak gertatzen.

Euskal Herrian normalean jendeak maite ditu bere monumentu megalitikoak eta zaintzen ditu. Baina ondarea zaintzeaz aparte, monumentu megalitiko horiek informazio benetan baliagarria ematen dute garai bateko gizarteez. Klima larrialdiaz hainbeste hitz egiten den garaiotan, gizakiak garai bakoitzean klima aldaketei zer-nolako erantzuna eman dien iker dezakegu aurkikuntza horiei esker. Finean, gizakiak betidanik izan duen erronkarik handiena hori izan da: nola aurre egin klima aldaketa horiei. Alegia, nondik gatozen eta bidean zein puntutan gauden jakitea garrantzitsua da nora goazen erabakitzeko orduan.

Ereñotzu Iruditan

Gehiago ikusi