Epeleko ibilbideak ingurugiro eta kultura aldetik garrantzi handiko guneak ezagutzeko aukera bikaina emango digu. Era berean, errekaertz eta basope ilunetatik ez ezik, Igorin-Akola arteko belaze eguteretaz eta bertako estazio megalitiko aberatsaz gozatzeko ere aukera emango digu.
Epele
Luzera: 8,6 km.
Ibilbidea
Hernani eta Goizueta herriak lotzen dituen GI-3410 errepidearen 3,7 kilometroan Epele auzoa dago eta ibilbideak hementxe du hasiera.Gune interesgarriak
- A. EPELE ERREKA: Hernani eta Astigarraga arteko mugetatik doan erreka honen arroan kalitate handiko urak eta ondo garaturiko baso eta basopeak aurki ditzakegu. Honek guztiak, bisoi europarra, ur-satorra edo eta izokina bezalako animalia mehatxatuen kontserbaziorako gune garrantzitsua bihurtzen du.
- B. EPELEKO BASOA: Aiako Harriaren barruan, Epeleko basoaren tamainak eta berau osatzen duen zuhaitz eta basope garatuak, Hernaniko udalerriko baso garrantzitsuenetariko bat osatzen du. Bertan, Europa mailan urriak diren erreka-ertzetatik kanpoko haltzadiak aurki daitezke.
- D. IGORIN-AKOLA ESTAZIO MEGALITIKOA: Hernani, Astigarraga eta Donostiako lurretan zehar zabaltzen den estazio megalitiko honek, Hernaniko udalerrian 7 trikuharri ditu. Multzo Monumentalaren kategoriarekin, Kalifikaturiko Kultur Ondasun izendatua, Hernaniko Sagastietako Lepoa I izeneko trikuharria da hoberen kontserbaturik dagoena.
- E. ARTAMUGARRIAK: Artamugarriak Urumeako bailaran hain ohikoak diren saroeen erdialdea adierazten duten harriak dira. Saroe edo saroi bezala ere ezagunak ziren gune hauen jatorria oraindik ere zalantzakoa den arren, aintzina, basogintza-guneen baitan esparru “libre” garrantzitsu bat ziratekeela uste da. Ibilbide honetatik gertu aurki ditzakegun artumagarriak hauek dira: Akola: gure ibilbidetik kanpo, Akola baserriko lurretan dago kokatua eta oraindik ere ongi kontserbaturik dago. Ikerketek adierazi dutenez, saroeak gune eguteretan eraiki ohi ziren beti ere. Kasu hau, horren adibide garbi bat izan daiteke. Artamugarria erreferentziatzat harturik jartzen ziren baztermugarriak ikus daitezke oraindik ere, baserrian inguruan. Larregain: Ibilbidetik nahiko aldenduta, Larregain sagardotegiaren inguruetan kokaturik dago, aurkitzeko zaila den gunean.
- F. ARGURUTZEKO HARKAITZAK: Misterioz beteriko gune honetan, harrian bertan forma ezberdineko gurutze bana markaturik duten lau harkaitz aurki daitezke. Hainbat hipotesi dauden arren, oraindik ere ezin izan da argitu gurutze hauek benetan gordetzen duten misterioa.
- G. EREÑOTZUKO BASOA: Hernaniko baso mistorik handienaren zuhaitzek Urumearen ibaiertzeraino dauden lur malkartsuak estaltzen dituzte. Gune batzuetan sasiarkazia bezalako zuhaitz inbaditzaileak ikus daitezken arren, basoaren handitasunak berak aipagarria egiten du Ereñotzuko basoa.
Informazio praktikoa
- Gaur egun ibilbide hau, bere osotasunean, marka txuri-horiz seinaleztatuta dago. PR-Gi 1002 izenarekin balizatuta dago.
- Kontuan hartzekoa da ehiza garaian Akola-Igorin mendi lerroan harreta handiz ibili beharko dugula ehiza-postuen ondotik pasatzerakoan.